Udalak Aniztasun Kulturaleko Sektore Kontseilu berria sortu du

Elkarteek egitura formalizatua izango dute, egonkortasun eta eragin gaitasun handiagoa, araudi propioarekin eta saioen egutegiarekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Udal Gobernu Batzordeak Kultura Aniztasunaren Kontseilu Sektorialaren sorrera onartu du astearte honetan. Herritarrek parte hartzeko organo berria, hiriaren kultura-aniztasuna ordezkatzen duten erakundeen inplikazio aktiboa indartzeko eta hauen aitorpena lortezeko helburuarekin sortua.

Kontseilu hau Herritarren Partaidetzarako Arau Organikoan ezarritakoaren barruan kokatzen da. Arau horren bidez, kontseilu sektorial iraunkorrak sortzea sustatzen da, udal-politikaren eremu zehatzen inguruan aholkuak emateko, eztabaidatzeko, informazioa emateko, aztertzeko eta proposamenak egiteko gune gisa. Abian jartzea, gainera, bat dator udalak Gobernu Irekiaren eredu baterantz aurrera egiteko duen konpromisoarekin, non herritar antolatuek aktiboki parte hartu ahal izango duten politika publikoen definizioan.

2014. urteaz geroztik, Kultura Aniztasuneko Udal Sailak Kultur Aniztasuneko Eragileen Sarea delakoa bultzatu du, eremu horri lotutako elkarteekin batera lan egiteko gunea. Hamarkada honetan, sare horrek trukerako eta koordinaziorako foro egonkor gisa funtzionatu du, eta lan aktiboa egin duten hamabost bat erakunde bildu ditu, bai osoko bilkuretan, bai gaikako lantaldeen bitartez.

Urrats erabakigarria

Orain, hamar urte geroago, urrats erabakigarria eman da espazio horri egitura formalizatua, egonkortasun handiagoa eta eragiteko gaitasun handiagoa emateko, Kontseilu Sektoriala sortuz, bere erregelamendu eta bilkura-egutegi propioarekin.

"Kontseilu honen indartzeak gure hiriaren benetako aniztasuna erakusten du, eta aurrerapauso bat da beren kultura, ibilbide eta jakintzetatik egunez egun hiria gorpuzten dutenen errekonozimendu instituzionalean. Donostia hiri anitza da, eta Kontseilu honek aberastasun kolektibo horren balioa azpimarratu nahi du ", adierazi du Iñigo García Villanueva Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak.

Donostiako errealitate soziokulturala nabarmen aldatu da azken hamarkadetan. Egungo biztanleriaren % 10 baino gehiago atzerritar jatorrikoa da, eta horri ijito-herriaren eta beste talde etniko eta kultural batzuen presentzia historikoa gehitu behar zaio.

Aniztasuna ez da berritasun bat, hiriaren egiturazko ezaugarri bat baizik, eta, beraz, erantzun publikoak eskatzen ditu, eskubide-berdintasuna, elkarrekiko errekonozimendua eta herritar guztien erabateko parte-hartzea bermatuko dutenak, jatorria edo bizi-ibilbidea gorabehera.

Aholku-emaile organoa

Kontseiluak organo aholku-emaile gisa jardungo du, eta parte hartzen duten elkarteetako ordezkariek, Udaleko teknikariek eta udal-taldeetako ordezkariek osatuko dute. Deialdia maiztasun egonkorrarekin egingo da, eta gaikako lantaldeak bultzatu, txostenak egin, proposamenak Udalari helarazi eta kultura-aniztasunari buruzko gaietan solaskide pribilegiatua izan ahal izango da.

2025/07/15-an argitaratua