Eskola-kirola hasi zen 5.000 ikasle baino gehiagorekin

Gurasoentzako sentsibilizazio kanpainarekin jarraitzen da 'Ama, aita, jolastu nahi dut' leloarekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hurrengo larunbatean, urriaren 21ean, Donostiako eskola kiroleko jardueren programako lehiaketak hasiko dira, Donostia Kirolak koordinatuta.

Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek jardueraren garrantzia nabarmendu du: “Bizitza osasungarriko ohiturak sustatzen ditu haurren artean, eta interakzioa, kirola egiten dutenean. 2023/24 ikasturtean, 5.000 ikasletik gora dira benjaminen eta kimuen kategorietan parte hartuko dutenak, eta horrek esan nahi du Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetako ikasleen % 70ek baino gehiagok jardungo dutela antolatzen diren lehiaketetako baten batean. Neskak partaide guztien % 42 dira”.

Kirol anitzeko lehiaketen egutegiak bi eredu ditu.
  • Alde batetik, hiruhileko bakoitzean kirol modalitate desberdina egingo dutenen eredua
  • eta bestetik, ikasturte osoan zehar asteburuz asteburu kirol modalitateak aldatzea erabaki duten ikastetxeen eredua.
Donostia Kirolarekin lankidetzan, ikastetxeek erabaki dute zer kirol modalitate egingo dituzten, zer ordenatan egingo dituzten, zer instalazio erabiliko dituzten eta zer klubek lagunduko dieten jardueren kontrol teknikoan.

“Ama, aita, jolastu nahi dut” sentsibilizazio kanpaina



Donostia Kirolak sentsibilizazio kanpaina mantenduko du aurten, Donostiako eskola kiroleko programak zer ezaugarri eta helburu dituen azaltzeko ikasleen gurasoei eta, halaber, eskola kiroleko lehiaketetan jarrera egokiak izatea zeinen garrantzitsua den kontzientziatzeko, lehiaketen funtzio hezigarria indartze aldera.

Sentsibilizazio kanpainan, haurrek berek hitz egiten diete gurasoei, eskola kiroleko benetako protagonistak haiek direla esateko; neska-mutilak, alegia. Aldi berean, jolasten uzten dietela eskertzen diete (“Ama, aita, eskerrik asko”), presiorik gabe, kirol jarduerez gozatzeko.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/10/18-an argitaratua