Donostiako Udalak omenaldia egin dio Tomas Albari bere erailketaren 40. urteurrenean

Bere oroimenean lore eskaintza bat egin da Udalean dagoen plakan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Tomas Alba Irazusta omendu eta gogoratu du bere hilketaren 40. urteurrenean. Udalbatzan egin den ekitaldian, Albaren sendiak, Eneko Goia alkateak eta Udal korporazioko ordezkariek hartu dute parte.

Eneko Goia alkateak esan duenez, Alba “modu injustu eta krudelean” erail zuten, eta Albaren familiari Udalbatzaren gertutasuna helarazi nahi izan dio.

Ez dugu ahaztu, ez dugu ahaztu behar”, esan du alkateak. 40 urte ondoren, Euskadi “ilusioz egiten dio aurre etorkizunari, baina iragana ahaztu gabe”, eta horrexegatik “biktima guztientzat memoria, justizia eta erreparazioa” aldarrikatu ditu.

Lore eskaintza


Honen ondoren lore eskaintza bat egin zaio Udaletxearen barruan bere izenean dagoen plakan.

Ekimen honekin, Donostiako Udalak, Giza Eskubideen Batzordearen bitartez, konpromiso irmo bat mantentzen jarraitzen du: terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak herriaren oroimenean iraunaraztea eta haiei buruz egia kontatu, justizia egin eta ordain morala nahiz duintasuna emateko eskubidea zaintzea.

Tomas Alba 1979ko irailaren 28aren gauean erail zuten garai horretan Donostiako auzoa zen Astigarragan, 42 urte zituela eta hiriko Udalaren HBko zinegotzi zela. Hilketa Batallon Vasco Español talde terroristari leporatu zitzaion.

2019/09/30-an argitaratua