Udalak 2.693.355 euro bideratuko ditu 2022an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu dituen beste gai batzuk: LED argiteria udal eraikinetan, Dirulaguntzak, Dbus plataforma – Arriola pasealekua, Ondarretako aldagelak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) emateko jarduera irizpideak eta kontzeptu bakoitzerako 2022. urterako zenbatekoak, bai eta laguntza hauetarako 2.693.355 euroko gastua ere.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “partida hori ez da behin betikoa, eta handitu ahal izango da eskatzaile kopuru handiagoari eta emandako laguntzen zenbateko handiagoari erantzuteko, betiere aurrekontuaren baliabideen arabera”.

2021ean guztira 3.237 espediente artatu ziren (aurreko urtean baino 231 gehiago), eta horien artean 3.494.437 euro banatu ziren (aurreko urtean baino 233.622 euro gehiago). Aurrekontuaren ia erdia etxebizitzarekin lotutako laguntzetara bideratuta dago ( % 49 2021ean), eta ondoren, hurbiletik, energiarekin lotutakoak daude ( % 34 2021ean).

Hori dela eta, Gizarte Ekintza Sailak alokairura bideratutako gehieneko laguntza hilean 250 eurotik 275era handitzea aurreikusten du, eta energiara bideratutako gehieneko kopurua urtean 750 eurotik 900 eurora. Gainera, urtarrilean 162.068 euroko aparteko gastua egingo da GLLen bidez energia gastuetarako diru laguntzak eskatzen dituzten familientzat, 2021eko GLLen kontura.

LED argiteria udal eraikinetan


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 17 udal eraikinetan dauden fluoreszentzia argiteriaren ordez LED argiteria jartzeko proiektuan jasotako obrak egiteko kontratazio espedientea. Lizitazio aurrekontua 186.139 eurokoa da, eta kontratua gauzatzeko epea 15 egun lote bakoitzeko.

Dirulaguntzak


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu 2022 ekitaldian irabazi xederik ez duten entitate pribatuentzako diru laguntza deialdia arautuko duten oinarri orokorrak eta udal atal desberdinei dagozkien oinarri espezifikoak.

Diru laguntza horien bidez, Gobernu Programaren konpromisoei heldu eta herritar demokratikoen balioak bultzatzen dituzten proiektuak sustatu nahi dira. Izan ere, hiriek leku egokia eskaini behar diete pertsonei aurrera egiteko, ingurunea aintzat hartu eta errespetatzeko, beren jakinduria eta kultura handitzeko eta errespetuan eta tolerantzian oinarritutako mundu baketsu baten konpromisoa hartzeko.

Dbus plataforma – Arriola pasealekua


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Dbuseko autobusen norabide aldaketarako Arriola Pasealekuaren plataforma egokitzeko proiektuaren obrak gauzatzea xede duen kontratazio espedientea. Lizitazioaren aurrekontu osoa 89.401 eurokoa da eta kontratuaren gauzatze epea 3 hilabetekoa.

Ondarretako aldagelak


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du UNEBIDE OBRAS Y CONTRATAS, SL-ri esleitzea Ondarretako aldagelak birgaitzeko proiektuari dagozkion obren egikaritzea xede duen kontratua. Kontratuaren esleipen prezioa 257.885 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 15 astekoa.

Eskuhartze nagusiak honako hauek izango dira:
  • estalki osoa altxatzea, estalkiko uraren sarrera konpontzeko;
  • isolamendu termikoa sartzea, dauden kondentsazioak saihesteko;
  • zoladura guztiak eta hormetako estaldurak altxatzea, irudi berritu bat emateko.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/01/18-an argitaratua