Publikoaren erantzun sutsua aurtengo Jazzaldiaren edizio seguru eta berezian

2021eko uztailaren 21etik 25era egingo da Donostiako Jazzaldia

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
55. Jazzaldia guztiok gogoratuko dugu, eta ez bakarrik bere kontzertuetara maskara eta edukiera mugatuekin joan garelako, egoera berezi eta zailean, baizik eta baita bere kontzertu ikusgarriengatik, une paregabeengatik eta kalitate orokor bikainagatik ere.

Publikoak modu eredugarrian erantzun du egoera honen aurrean, erantzukizun handiz, gogotsu eta ia eszenatoki guztiak betez. Nabarmendu nahi dugu, halaber, ez dela inolako gorabeherarik izan eta osasun eta segurtasun neurri guztiak uneoro bermatu dituela antolakuntzak eta jarraitu dituela kontzertuetara bertaratutako jendeak.

Aurten, lehen aldiz, hiru Donostiako Jazzaldia Sari eman zaizkie Jazzaren hiru jeniori: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador. Aipatutakoekin batera, Espainiako artista eta talde onenen aukeraketa bat ikusi ahal izan dugu. Guztiak ere esker onez aritu dira berriz ere zuzeneko kontzertuak eskaini ahal izan dituztelako eta artez eta kalitate musikalez beteriko une zoragarriak oparitu dizkigute: Chano Domínguez, Marco Mezquida, Perico Sambeat, Carles Benavent, Chicuelo, Sílvia Pérez Cruz, Antonio Serrano, Raül Refree Lina portugaldarrarekin batera, Josemi Carmona, Tino di Geraldo...

Bertako taldeen zerrenda osatuz, Kursaaleko Terrazetan euskal artista gazteen 21 kontzertu izan dira, formatu berri batean. Guztira, 21 kontzertu ikusi ahal izan dira, guztiak doakoak eta edukiera kontrolatukoak, zuzeneko musika onaz gozatzen zen bitartean lasai-lasai zerbait hartzeko moduko espazio batean, hori guztia ikuspegi paregabearekin eta Jaialdi osoan zehar izan dugun eguraldi ona lagun.

Streaming


Aurtengo nobedade bat streaming bidez eskainitako kontzertuak izan dira, 15 emanaldi guztira, mundu osoko zale ugarik jarraitutakoak, dagoeneko 14.000 bistaratze baino gehiagorekin. Doako zerbitzua izan da, zuzeneko kontzertuetara joaterik izan ez duten guztientzat irekia. Honez gain kontuan hartzekoa da dagoeneko 34.000 jarraitzaile ditugula gure sare sozialetan.

Txikijazzen zortzigarren edizioak 4 kontzertu eskaini dizkigu, Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazara eta Kursaaleko Terrazetara hurbildu diren familiek asko gozatu eta estimatutakoak.

Azken batean, jazz-zaleen oroitzapenerako jaialdi bat, kontzertuen maila altuagatik eta, kontrako baldintzen aurrean, Jazz zaleek izan duten erantzun ezin hobeagatik.

2020/07/27-an argitaratua