Abian da 'Informazio gehiago, sarna gutxiago' prebenitzeko kanpaina

Aholkuak zabaltzeko kartelak eta informazio-liburuxkak argitaratu dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak, Osasun Publikoaren udal sailaren bitartez, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera, informazio-kanpaina berri bat jarri du abian, sarna kasuak goiz detektatzeko, zabaltzea saihesteko eta agindutako tratamendua betetzearen garrantzia azpimarratzeko.

Kanpainaren helburua ez da inolako alarmarik sortzea. Baina, nabaritu dugu jende asko ari dela joaten anbulatorioetara eta farmazietara hazteriaren kontrako erremedio eske; izan ere, gora egin du azkura handia ematen duen gaixotasun horrek erasandakoen tasak.

Garaiz harrapatu behar da gaixotasuna



Udaleko Osasun Publikoko Sailak Erlauntza lantaldeen bidez antzeman du kontsulta eta kasu ugaritze hori, eta Osakidetzak berak ere ikusi du hazteria edo sarna kasuak nabarmen igo direla Donostian. Inplikatutako alderdi guztiek esaten dute garaiz harrapatu behar dela gaixotasuna, duen estigma hori kentzeko eta gaixotasuna prebenitzeko eta atzera eginarazteko informazioa izateko.

Garai batean, gizarte-maila baxuko pertsonekin lotuta zegoen hazteria, pertsona asko pilatzen diren tokiekin (kartzelak-eta), gizarte-bazterketarekin, beste arraza batzuetako pertsonekin eta antzeko kontuekin. Baina, edonori erasan diezaioke hazteriak, eta horrek dakar informazio eta prebentzio kanpaina hau egin beharra.

"Informazioa, hazteriaren kontrako erremediorik onena" da kanpaina egiteko aukeratu dugun leloa. Hala, kartel eta esku-orri batzuk atera ditugu, eta osasun-zentroetan, ikastetxeetan, egoitzetan, kiroldegietan, liburutegietan eta farmazietan utzi. Era berean, sare sozialetan eta webguneetan ere zabalduko dugu mezua.


Joan zure osasun-profesionalarengana baldin eta:
  • Azkura handia baduzu, eta okerragoa bada gauez.
  • Azkura handiena eskuetan, eskumuturren eta ukondoen barruko aldean, besapeetan eta/edo kanpo-genitaletan baduzu.

2023/07/11-an argitaratua