Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik da

Izena emateko epea urriaren 18an amaituko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da eta urriaren 18an amaituko da, beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen webgunea izango da. Horrez gain, Bagera elkartean (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke. Informazio gehiago 943005074 telefono zenbakian edo mintzalaguna@bagera.eus helbidean eskura daiteke.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak euskara praktikatu nahi duten donostiarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu. “Euskaraz gehiago hitz egin nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldeetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea”. Udaleko Euskara Zerbitzuak Bagera elkarteari emandako diru laguntzari esker, ikasturte osorako kuota eskuragarria dela oso gogoratu du Insaustik.

MintzaPoza oinarri

Ikasturte berri hau bereziki bizi, garrantzitsu, gogotsu dator. Azken bi urteetan ezinezkoa izan da mintzalaguna ekimena bere horretan, ohiko eran burutzea, baina hartutako konpromisoari eutsi zaio. Ekimena aurrera eramaten duen Bagera elkarteko ordezkariaren esanetan, “mintzalagunok moldatu gara egoerara, ondo moldatu ere!! Baina, noski, betikora itzultzeko gogoz gara: taldekideekin berriz elkartzeko eta MintzaPoza elkarrekin praktikatzeko. Horixe baita, finean, gure egitasmoen oinarria: MintzaPoza”.

Gurasolagunak: Mintzalaguna eskolan!

Ikastetxeekin “Gurasolaguna” Mintzalagunaren aldaera eskainiko da Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.

Laguntzaileak behar dira

Ikasturte honetan ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzeko deia egin die Bagerak. Nahikoa da astean ordubete eskaintzea. Ordubete horrekin ikasleek euskararen erabileran aurrera egiten dute nabarmen.

400 lagun Donostian, 7000 lagunetik gora Euskal Herrian

Mintzalaguna egitasmoa 1993an sortu zuen Bagera elkarteak. Azken urteotan, Donostian, 400 bat lagun aritzen dira urtero euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoko 22 herrietan. Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute erabileran: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/10/01-an argitaratua