El Pilar eremua urbanizatzeko proiektua onartuta

Gobernu Batzordearen beste erabakiak: Santu Guztien Eliza (Mons), holokaustoaren biktimak omentzeko monumentua, Uliako bide publikoen inbentarioa, Harri Berri Oletako patioa, Bomberos Sin Fronteras erakundeari ibilgailuen lagapena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio El Pilar eremua urbanizatzeko proiektuari. Donostiako alkate Eneko Goiak gogorarazi du, El Pilar Klinika zegoen tokian 54 etxebizitza eraikiko direla - erdia babes ofizialekoak -, eta honakoa gaineratu du: "Onartutako proiektuan aurreikusten dira bertan egin beharreko urbanizazio lanak. Lan horiei esker etxebizitza berri horiek eta egun Zarategi pasealekuan dauden etxebizitzek urbanizazio berria izango dute".

Hortaz, proiektuak segidako lanak aurreikusten ditu: Zarategi pasealekuaren espaloia berritzea, bertan dagoen autobus geltokian markesina jartzea, eta zazpi aparkatzeko toki sortzea. Era berean, beste aparkatzeko hamar toki sortuko dira Marrutxipi kalean, eta bertan, espaloi berria ere egingo da. Gainera, klinikaren aparkalekua zena auzotarrentzako gune batean bihurtuko da.

Santu Guztien Eliza, Mons


Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onarpena eman dio, Santu Guztien Elizaren eremuaren Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualari. Eliza Mons eremuko Basotxiki pasealekuaren 28 zenbakian dago. Eremua Donostiako Gotzaitegiarena da, eta Udalari eskatu zion aldaketa egitea erabilerarik gabe zuen eliza hirugarren adinekoentzako egoitza batean bihurtzeko.

Holokaustoaren biktimak omentzeko monumentua


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Aieteko parkean holokaustoaren biktimak gogoratzeko instalazio egonkor bat diseinatzeko proiektu lehiaketaren espedienteari hasiera ematea.

Instalazioa Ana Frank-en zuhaitzaren ondoan jarriko da, eta helburua da nazien holokaustoaren biktimak gogoratzea eta, bereziki, nazien kontzentrazio-esparruan egon ziren 21 donostiarrak gogoratzea.

Uliako bide publikoen inbentarioa


Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Ulia Mendiko Bide Publikoen Azterlan-Inbentarioari. Azterlan-Inbentario horrek 59 bide zehazten ditu, eta horietatik 35 titulartasun publikokoak dira guztiz edo zati batean, eta beste bost jabakri eta erabilera publikoko bideak dira.

Horrenbestez, titulartasun eztabaidagarria duten bideak alde batera utzita, baita jabego pribatukoak direnak ere, udalaren interesekoa da Donostiako Udalaren Ondasun eta Eskubideen Inbentarioan jabari eta erabilera publikoko bideen edo zatien udal jabetza ezartzea.

Harri Berri Oletako patioa


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du hilabetez luzatzea Harri Berri Ikastetxeko patioa estaltzeko proiektuaren lanak amaitzeko. Horrenbestez, enpresa esleipendunak azaroaren 6a arte izango du lanak amaitzeko.

Tokiko Gobernu Batzordeak, halaber, zigorra ezartzeko espedientea hasi du UTE Indenort PV SL - Proviser Iberica SL-ren aurka kontratua ez betetzeagatik. Ondorioz, enpresak 4.718,25 euro ordaindu beharko ditu lanak amaitzeko epe berria kontuan hartuta.

Bomberos Sin Fronteras erakundeari ibilgailuen lagapena


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Prebentzio, Su-Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuaren bi ibilgailu Bomberos Sin Fronteras ONGD-ari doan lagatzea.

30 urte dituzten bi ibilgailu dira - besodun ibilgailu bat eta itzaltze/zisterna ibilgailu bat - eta egun zerbitzutik kanpo daude, izan ere, 2018an beste bi ibilgailu erosi zituen Zerbitzuak. ONGD-ak Txilera eramango ditu bi ibilgailuak bertan dauden hainbat beharrei aurre egiteko.

2019/10/01-an argitaratua