Esther Ferrer artistaren esku-hartze bat izango da Tabakalera aurrean sortuko den plazan

Sortzaile donostiarrak dohaintzan emango du 'Zenbaki lehenen poema' seriaren obra berri bat, AHTaren geltoki berriaren gainean eraikiko den plazarako

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tabakalerak izango duen erabilera publikoko plazak Esther Ferrer sortzailearen “Zenbaki lehenen poema” seriearen obra berri bat hartuko du, artistak bere hiriari egingo dion dohaintzari esker. Hala iragarri dute gaur sortzaileak berak, Donostiako alkate Eneko Goiak, eta Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroko zuzendari Edurne Ormazabalek. Obra plazan bertan kokatuko den zoru-instalazio bat da eta, bertan, artistaren hitzetan Donostia definitzen duten koloreak nagusituko dira: berdea eta urdina.

Parisen bizi den sortzaile donostiarraren esku-hartzea plazako zoladuran jarriko da, Tabakalerako sarreran, eta Donostiako Abiadura Handiko Trenaren geltokia eraikitzearen ondorioz eremu horretan sortuko den lehen elementu artistikoetako bat izango da.

Obra iraunkorra eta publikoa Donostian

Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “ohore eta poz handia da Esther Ferrer bezalako artista donostiar batek bere hirian obra iraunkor bat izatea”. “Esku-hartze kulturalak geltokiaren gainean sortzen den plaza edo parke berriaren profila markatuko du”, gaineratu du.

Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Ferrer eta Tabakaleraren arteko harreman estua aintzat hartu du: “Esther Ferrer artista aukeratu zuten Tabakalerako erakusketa-areto nagusi berria inauguratzeko. Emakume aparta, konprometitua eta eskuzabala da, eta hiriko artistarik maitatuenetakoa. Horren erakusgarri dira bere erakusketako bisitari-kopuruak. Tabakaleran gehien bisitatu den erakusketa, alegia”.

Esther Ferrer sortzaileak (Donostia, 1937) ospe handia du mundu osoan antzeztu dituen bere ekintzengatik (performanceak) eta museo eta erakunde askotan erakusgai jarritako bere obra artistikoagatik. 2022ko Urtarrilean Donostiako Urrezko Danborra jaso zuen.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/11/21-an argitaratua