Adiorik Gabe / Sin Adiós programak terrorismoaren lau biktima oroituko ditu 2019an

Antzoki Zaharrak hiru antzezlan hartuko ditu martxoan. Horietatik bi gazte ikasleei zuzenduak egongo dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Adiorik Gabe / Sin Adiós Donostia 2016ko proiektua izan zen, hain zuzen ere, Bakearen Itsasargiaren programaren proiektua. Eta proiektuak justizia konpontzailearen ikuspuntuari heldu zion, baina ez kaltegile-biktima elkarrizketa-esparrutik abiatuta, baizik eta gizarte biktima esparrutik. Eta helburua izan zen garai batean apurtu ziren zubiak berriz eraikitzea, izan ere, familia ugari gizartearen zati batengandik isolatuta gelditu ziren.

Gainera, proiektu honek harreman horiek beste norabide batean konpontzeko zubia izan nahi zuen. Izan ere, gizartearen zati handi batek topatzeko lekuak prestatzea nahi zuen, bere elkartasun eta enpatia besteei helarazteko eta emozioak partekatzeko.

Horiek horrela, Eneko Goiak honakoa gogorarazi du: "2016an hiru ekitaldi egin ziren eta guztira bortizkeriaren 12 biktima oroitu ziren. Orain programa horri jarraipena eman nahi diogu, izan ere, inpaktu handiko programa izan zen. Eta horretarako bortizkeria mota ezberdinek eragindako beste lau biktima oroituko dira". 2016an segidako biktimak oroitu ziren: Juan Manuel García Cordero, Garrido-Velasco familia, Eugenio Olaciregui, Mikel Zabalza, Tomás Alba, Enrique Casas, Gerónimo Vera, Aureliano Calvo, Ramón Díaz, Francisco Javier Gómez Elósegui, Mari Jose Bravo del Valle eta Angel Mota.

oroitzapen eta errespetu giroa sortuz


Horrenbestez, Udalak programari jarraipena emango dio ekitaldi artistiko baten bitartez. Eta ekitaldia hiritar guztiei irekia izango da, eta bertan, enpresa esleipendunak biktimen familiekin eta lagunekin elkarlanean biktimen bizitzen berreraikuntza egingo du, betiere, familiek eta lagunek hildakoen bizitzaz dituzten oroitzapenetan eta arteari - batez ere, musika, literatura eta dantza - lotuta zituzten sentsibilitateetan oinarrituta. Eta hori guztia, oroitzapen eta errespetu giroa sortuz, betiere, terrorismoaren biktima guztiei omenaldia eginez.

Donostiako alkateak aditzera eman du, Antzoki Zaharrak hartuko duela antzezlana eta, gutxienez, hiru aldiz antzeztuko dela. Lehena martxoaren 16an egingo da, estreinaldia izango da eta hiritar guztiei zein giza eskubideen arloan lan egiten duten elkarteei zuzenduta izango da. Beste bi antzezlanak, martxoaren 18an eta 19an egingo dira, eta batxilergoko zein unibertsitateko ikasleei zuzenduak izango dira.

Ildo beretik, Eneko Goiak segidakoa azpimarratu du: "Programa honi jarraipena ematearekin, Donostiak - bortizkeria gehien jasan duen euskal hiriburua - memoriaren eta erreparazioaren gune izaten jarraituko du. Egun bizikidetzaren eta itxaropenaren hiria gara, baina gauza asko gelditzen dira egiteko. Eta horietako bat da gazteen hezkuntza, gertatutakoa ezagutu dezaten. Beraz, Adiorik Gabe / Sin Adiós antzezlanaren bi saio ikasleei zuzentzea funtsezkoa dela uste dugu".

Proiektua egiteko aurrekontua 100.000 eurokoa da.

2018/10/16-an argitaratua