Udalak lehiaketa bat antolatu du 2018ko udal egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko

Argazkiak irailaren 29ra bitartean bidal daitezke donostia.eus webgunearen bitartez

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak lehiaketa irekia antolatu du 2018ko Udal egutegirako 13 argazkiak (12 hilabeteetakoak eta azala) hautatzeko.

Irailaren 29ra arte bidali ahal izango dira formatu digitalean, www.donostia.eus webguneko formularioaren bidez. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, 3 argazki bidali ahal izango ditu. Argazki irabazleak azaroaren 15ean argitaratuko dira.

2018ko Udal egutegia osatuko duten argazkien lehiaketaren gaia honako hau da: “#DonostiaBiziDut. Pertsona bakoitzak bere erara bizi du hiria. Zein da zurea?”

Lehengo aldia da Udalak egutegia osatzeko argazki lehiaketa bat antolatzen duela. Jon Insausti zinegotziak azpimarratu du prozesu parte-hartzaile honen garrantzia “non donostiarrek beraien trebetasunak erakusteko eta argazkiren bat argitaratuta ikusteko aukera izango duten”.

Herritarrek osatutako epaimahai batek eta adituen beste epaimahai batek aukeratuko dituzte irailaren 29ra arte jasotako argazkien artean, 13 hoberenak. Insaustik adierazi du “parte hartzea sustatze aldera, lehiaketa sarean egongo da, Donostiako Udaleko webgunearen atal berezi batean”. Horrela, zinegotziaren hitzetan “lehiaketaren kudeaketa publikoa ahalbidetzen da, eta aukera dago haren fase bakoitzaren garapenaren hurbileko jarraipena egiteko”.

Oinarriak eta parte-hartzea

Izen ematea doakoa da eta parte-hartzaile bakoitzak 3 argazki aurkeztu ahal izango ditu; Donostia.eus webgunean dagoen formularioaren bitartez egin behar da.

Epeak

Argazkiak irailaren 29ra arte aurkez daitezke. Finalistak urriaren 9an iragarriko dira eta azaroaren 10era arte herri bozketa egin ahal izango da. Argazki irabazleak azaroaren 15ean jakinaraziko dira.


Xehetasun gehiago aurkituko dituzu hemen dauden PDF artxiboetan

2017/07/05-an argitaratua