Donostiak bat egiten du Arraza diskriminaziori aurre egiteko nazioarteko egunarekin
Ostiralean, hilak 22, topaketa bat egingo da CC.Ernest Lluchen gazteenei zuzenduta
Gaur, martxoak 21, arraza diskriminazioa ezabatzeko nazioarteko eguna da eta Donostiako Udalak bat egiten du ospakizun horrekin.
Testuinguru horretan, gazteekin topaketa bat antolatu da martxoaren 22an, ostirala, 17:00etatik 19:30era Amarako Ernest Lluch Kultur Etxean. Ekintza hau Europako NET Idea proiektuko - Kulturartekotasunaren, Aniztasunaren, Berdintasunaren eta Diskriminazio ezaren aldeko hirien sarearen esparruan egiten da. Europar Batasunaren CERV programak finantzatzen du eta Donostiako Udalak bertan parte hartzen du.
IZAN DENA / IZAN PARTE (BE EVERYTHING/BELONG) lelopean, topaketa honek gazterian jartzen du arreta, batez ere familia etorkinen seme alabetan. Bideo-dokumental bat emango da, non 5 gaztek beren esperientziak kontatzen dituzten eta nortasunari eta pertenentzia sentimenduari buruz hitz egiten duten.
Era berean, ekitaldi honetan "Gazteak aniztasunaren eta pentsamendu kritikoaren aldeko" manifestua landuko da. Manifestu hori Europako proiektuan parte hartu duten zurrumurruen aurkako gazte europarrek osatu dute.
NET Idea proiektuaren helburua da hirien kulturarteko gaitasunak lantzea, aniztasunaren inguruko narratibak aztertzea eta gazteak horretan inplikatzea, eta lan horretan hirien arteko lankidetza sustatzea.
2024/03/21-an argitaratua