600 m2-ko gimnasio berria Paco Yoldi kiroldegiarentzat
Uda honetan egingo dira obrak eta urrian jarriko da martxan
Donostiako Udalak, Donostia Kirolaren bitartez, hobekuntza-lan garrantzitsuak egingo ditu aurtengo udan
Paco Yoldi igerilekuen kiroldegian, hirian gehien erabiltzen den kiroldegian,
Kirol Txartelera abonatutako pertsonek gimnasioa gero eta gehiago erabiltzeko egiten duten eskaerari erantzuteko.
Kiroldegi honek gaur egun bi gimnasio ditu, bata muskulaziokoa eta bestea kardiobaskularrekoa, aforo, irisgarritasun eta ekipamendu-arazo garrantzitsuak dituztenak.
Donostia Kirolak 322.000 euroko inbertsioa egingo du lan hori egiteko, eta horri gehitu beharko zaio hilean 10.000 euro inguru renting kontzeptuan. Gimnasio berri hau urriaren hasieran jarriko da martxan.
Instalazio berriak
Gimnasio berria gaur egun taberna eta jarduera-aretoak dauden eremuan kokatuko da, eta 600 m2 hartuko ditu. Lau eremu nagusi izango ditu:
- eremu kardiobaskularra,
- muskulazio-makinen eremua,
- pisu libreko eremua,
- entrenamendu funtzionaleko eremua.
Makinek Bluetooth teknologia izango dute kanpoko dispositiboekin konektatu ahal izateko, erabiltzaileek beren entrenamenduak erregistratu ahal izateko eta gimnasioko monitoreak aholkatutako lan kontrolatuago bat egin ahal izateko.
Gimnasioko ekipamendua renting sistemaren bidez kontratatuko da, inbertsioa zuzenean egin beharrean. Horrek hobekuntza handiak ekarriko ditu makinen mantentze-lanetan eta eguneratzean. Adibidez, matxurak 72 orduko epean konpondu beharko dira gehienez, eta epe hori gaindituz gero, makina antzeko beste batez ordezkatuko da. Gainera, kontratu honek bost urteko iraupena izango du, eta horien bukaeran gimnasioa osorik berrituko da.
Beste hobekuntzak
Obra horiekin beste ekintza batzuk ere egin beharko dira, hala nola igerilekuetako harmailetarako sarbide berria, komun berriak eta egonleku bat, mahaiak eta vending makina osasungarriak dituena, igerileku txikiko begiratokiaren ondoan. Gainera, egungo gimnasioek jarduera aretoak hartuko dituzte, ikastaroak antolatzeko azalera handiagoarekin.
Erlazionatutako dokumentuak
2021/03/26-an argitaratua