Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako gaiak

Lorategi Hiriko etxebizitza publikoa, Igarako ubidea, Euskara dirulaguntzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Lorategi Hiriko etxebizitza publikoa

Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Udalaren eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) sozietate publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du. Hitzarmen honen helburua da Lorategi Hirian alokairuko babes publikoko etxebizitzak sustatzeko jarduketa publiko bat garatzea eta gauzatzea.

Era berean, udal-titulartasuneko bi lurzati VISESAri zuzenean eta doan lagatzeko espedientea jendaurrean jartzea onartu da, babes publikoko 100 etxebizitza inguru eraikitzeko. Partzelen titulartasuna eskritura publikoan eskualdatzea 2 hilabeteko epean aurreikusten da, Udalak Etxebizitza Tasatuen Ordenantzaren aldaketa behin betiko onartzen duenetik kontatzen hasita. Bestalde, VISESAk gehienez 30 hilabeteko epea izango du etxebizitzak eraikitzeko eta sustatzeko, lagapenaren eskritura publikoa formalizatzen denetik zenbatzen hasita.

Hitzarmena Euskadiko Etxebizitzari buruzko Legean jasotako aurreikuspenen barruan sartzen da, eta, zehazki, 2. artikuluan jasotako printzipio gidarien barruan, bereziki azpimarratuz apartatuan aipatutakoa, hots, botere publiko guztien lankidetza eta koordinazioari buruzkoa, euskal sektore publikoaren mendeko organoena barne, etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeari dagokionez.

Igarako ubidea

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin du Igara ubidearen ibilgua ingurumen aldetik lehengoratzeko proiektuko obren kontratazio espedientea, Gipuzkoako unibertsitate campusaren hegoaldean, 130.680 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta 11 asteko epearekin.

Proiektu honen bidez, Osasun eta Ingurumen Zerbitzuak honako hauek bilatzen ditu:
  • Alde batetik, Ibaetako haltzadian dauden espezie aloktonoak ezabatzea, haltzadi kantauriarreko espezieen zerrendan sartzen ez direnak, eta oihanpea leheneratzea.
  • Bestalde, hezeguneari dagokionez, aparkalekutik bertara iristen diren uren kalitatea hobetu nahi da, iragazteko sistema baten bidez. Sistema hori naturan oinarritutako soluzioak erabiliz eraikiko da, eta fitoarazte- edo iragazte-sistema berde batera konektatuko da.

Horren bidez, ibai-ekosistema leheneratu nahi da, espezie egokien kopurua handituz, galtzeko arriskuan dauden espezieen habitata handituz eta haltzadi kantauriarra, interes komunitarioko habitata, babestuz.

Proiektu hau Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudeaketa jasangarria (PluSSS) proiektuaren esparruan egin da (B4.1 ekintza). Proiektu horrek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitatea Fundazioaren (MITECO) laguntza du, Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.

Euskara dirulaguntzak

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du 38.900 euro ematea hiriko zenbait euskaltegiri kolektibo berezientzako ikastaroak egiteko:
    a) Langabeei emandako 120 orduko ikastaroak
    b) 16 eta 18 urte bitarteko gazteen 60 orduko ikastaroak
    c) Guraso, merkatari, ostalari, begirale eta erretiratuen 60 orduko ikastaroak
    d) AISA ikastaroak
Dirulaguntzak emateko prozedurarekin bat, dirulaguntza hauek deialdi ireki bidez ematen dira eta urtean zehar eskabideak aurkezteko bi aldi daude. Hemen proposatu direnak 2025eko 1. aldiari dagozkionak dira.

Halaber, onartu da 18.680 euro ematea enpresa-erakunde eta sozietate publikoei, hainbat programa garatzeko:
    • Donostia Kultura: Euskara Plan berria lantzeko eta garatzeko ekintzak
    • Dbus – Tranbiaren Konpainia Erakunde barruan euskararen erabilera sustatzeko ekintzak
    • Polloe – Hileta Zerbitzua: Bisita gidatuak herritarrentzat eta ikastetxeetako gazteentzat.
    • Donostiako Sustapena: Euskara Plan berria garatzeko ekintzak
    • Donostia Turismoa: Bisitari eta turistei euskara ezagutarazteko web orriaren hobekuntza eta edukien lanketa

2025/07/15-an argitaratua