Donostia izango da MAN etxearen 12 metroko autobus elektrikoa probatuko duen lehen hiria

Probak 24. eta 33. lineetan egingo dira datozen bi asteetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Datozen bi asteetan, Donostiako garraio publikoko Dbus konpainiak MAN etxearen Lion 's City E modeloko 12 metroko autobus %100 elektrikoa probatuko du benetako zerbitzuan, bidaiariekin. Autobusak egunean 250 kilometrotik gora egiteko autonomia du. Donostia da autobus berri hau probatuko duen Estatuko lehen hiria, ondoren beste hiri batzuetan probatuko baita, hala nola Valentzian, Sevillan edo Malagan.

Probak 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio lineetan egingo dira, erabiltzaileekin eta benetako baldintzetan. Ibilbide zorrotza duten auzoarteko bi linea dira, egunero batez beste 240-270 km egiten dituztenak. Ibilgailu honekin orain arte Donostian probatutako autobus elektrikoen autonomia gainditzea espero da.

Autobus berria gauez kargatzen da Kotxetegietan, 3 orduan, 12 metroko beste autobus elektriko batzuekin alderatuta denbora gutxiagoan, eta ez dauka kargatu beharrik ibilbidea egiten ari den bitartean. Bateriek 480 kWh-ko edukiera dute, eta 150 kW-ra arteko karga potentzia. Proiektu pilotu berri honekin, beraz, autobus elektrikoen teknologia honen egungo autonomia muga gainditu nahi da.

Elektromugikortasunari dagokionez, azken urteotan Dbusek apustu garrantzitsua egin du teknologia berrietako autobusekin eta hainbat fabrikatzailerekin proiektu pilotuak sartu eta abian jartzearen alde.

Gaur egun, Dbusek hurrengo autobusak ditu bere flotan:
  • 12 metroko hiru autobus %100 elektriko,
  • 12 metroko 50 hibrido.

Gainera, % 100 elektrikoak diren 12 eta 18 metroko ibilgailuak probatu ditu, baita autobus hibrido-elektriko bat ere, eta honekin Euskadiko flotarik jasangarrienetako bat da.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/04/13-an argitaratua