Donostia Surf City enpresek berriro ere parte hartu dute ISPO MUNICH Nazioarteko Azokan

Donostia Surf City Klusterreko zazpi enpresak, Donostiako Sustapenaren bitartez, ISPO MUNICH Nazioarteko Azokaren edizio berri batean parte hartu dute.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Azoka urtarrilaren 28tik 31ra bitarte egin da, profesionalak elkartzeko eta sektoreko beste agente batzuekin harremanak egiteko helburuarekin.

Parte hartuko duten enpresen produktuak osagai berritzaile altukoak dira. Enpresak honako hauek dira: Lombok XXI (Seventy One), Blueball, Basque Country Surf Company (Agote Surfboards eta Cabianca Surfboards), Ocean Sunglasses, Spolik, SurfLogic eta Trinity Technologies. Ekitaldiari dagokionean, Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak ondorengoa nabarmendu nahi izan zuen: “azoka honetara eramango ditugu surf munduko produktu eta zerbitzu berrien garapenean eta berrikuntzan benetan erreferenteak diren enpresak”. Halaber, honako hau gehitu zuen: “etxe horiek gure sistema berritzailearen barnekoak dira, eta sistema horrek estatuko eta Europako batez besteko ratioak gainditzen ditu”.

Olatu oneko hondartzak, 80ko hamarkadakoa den surf tradizioa, ingurunea —Kantauriko erlaitza eta fronte atlantiko frantsesa—, surfaren kultura sortzen duena eta puntako enpresa-ehuna, berritzailea, Donostia sektorean nazioarteko erreferentea izatera eraman duten elementu nagusiak dira. Hori dela-eta, Donostiako Sustapenak, Donostia Surf City Klusterraren bitartez, sektoreko enpresa berritzaileak bultzatzen ditu, garatzea eta nazioartekotzea errazten duen neurri-sortarekin.

Modu horretan, hirugarren aldiz, enpresei laguntza eskaintzen zaie ISPO MUNICH Nazioarteko Azokan parte hartzeko. Bertan denentzako standa izango dute, haien produktuak erakutsi eta zerbitzu espezializatuen nazioarteko banatzaileekin, fabrikatzaileekin eta hornitzaileekin harremanetan jartzeko. ISPO MUNICH Nazioarteko Azokan, nazioarteko industriako 2.700 erakusmahai izaten dira, kirolaren ingurukoak, eta edizio bakoitzean batez beste 85.000 bisitari biltzen dira. Aurten, azokan izango dira (A4 Pabiloia-Stand zk.: 341, “San Sebastian Surf Companies”), Donostiako Sustapenaren eskutik, honako enpresa hauek:
  • Basque Country Surf Company:
    Etxe honek Cabianca Surfboards eta Agote Surfboards surf markekin egiten du lan, eta TorFlex teknologia du; hau da, surf-oholen flexioa eta bibrazioa aztertzeko sistema propioa, diseinatzeko eta sortzeko.
  • Trinity Tecnologies:
    Enpresa liderra da, batik bat surfaren, snowaren eta skiaren industriara aplikaturiko produktuen eta zerbitzuen diseinuan espezializatua, nahiz eta jarduera-eremuan irristatzeko kirol guztiak jorratu. Produktuak enpresei bideratzen dizkiete, diru-sarrera berriak sortzen dituzten eta enpresaren kudeaketan eraginkortasun handiagoa lortzen duten produktuetan eta zerbitzuetan berrikuntza sartuaz.
  • Surf Logic:
    Surfalientzat eta uretako kirolak praktikatzen dituztenentzat kalitatezko osagarriak diseinatzen, garatzen eta merkaturatzen dituzte. Gaur egun, mundu osoko 25 herrialde baino gehiagotan daude.
  • Blueball Comprension Clothing:
    Konpresiozko kirol-arropak, arropa arinak, azkar lehortzekoak, aerodinamikoak eta diseinu alaiak eta kolore askotakoak. BLUEBALL jantziek odol-fluxua eta muskuluak berreskuratzea errazten dute kirol-jarduera egiterakoan eta ondoren. Kirolarientzat diseinatuta daude, gizonentzat nahiz emakumeentzat, honako jarduera hauetarako: watersport, running, trial, triathlon, cycling eta fitness.
  • Ocean Sunglasses:
    Eguzkitako betaurrekoen fabrikatzaileak dira. Ingeniari hauek betaurreko teknikoak eta eguzkitako betaurrekoak garatzen eta ekoizten dituzte uretako eta mendiko kiroletarako. Produktuen katalogoa dagoeneko 80 herrialde baino gehiagotan saltzen da.
  • Lombok XXI (Seventy One):
    Eguzkitik babesteko krema, erabat eguzkitan ibili behar duten kirolarientzat espezifikoa. Eguzkitik babesteko produktu-sorta osoa eskaintzen du, urtaro bakoitzeko baldintza klimatologikoetara egokitua. Kontzientzia ekologikoaren eta garapen iraunkorraren arteko oreka aurkitzen dute.
  • Spolik S.L.:
    2001. urteaz geroztik, kirol-ekitaldi profesionalen sektorean espezializatuta dago. Sportjam azoka antolatzen du, eta urtero “Action Sports” merkatua iragartzen du Espainian. Sportair agentzia esklusiboa da, 1. taldea Frantzian B2B ekitaldiak antolatzen. Sponews informazio-magazinea editatzen du, eta, bertan, merkatuari buruzko gaurkotasun guztia sartzen da.

2018/01/31-an argitaratua