Maiatzaren 6an irekiko da udako kirol ikastaroetarako aurretiko izen-ematea

Ikastaroak ekainaren 24an hasiko dira eta irailaren 6an amaitu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostia Kirolak prest du, udako kirol ekintzen kanpaina, "UDA-24”. Eskaintza zabala eta askotarikoa da, eta hiriko 33 kirol entitaterekin batera egin da. Ikastaroak ekainaren 24an hasiko dira eta irailaren 6an amaitu.

Ikastaroak bi talde handitan banatuta daude: 16 urte arteko ikasleei zuzendutakoak eta gazte eta helduei zuzendutakoak.

Kanpaina honetan gehien eskatzen diren ekintzak kirol anitzekoak, surfa, igeriketa, tenisa eta piraguismoa dira. Espero izatekoa denez, itsasoko ekintzek (surfa, bodyboarda, SUPa, e.a.) estimazio handia izaten dute garai honetan.

Ekintza ezagun horietaz gain, UDA 2024 kanpainak 60 ekintza baino gehiago jarriko ditu aukeran, hala nola arraunketa, arku-tiroa, urpekaritza, bela, mendiko bizikleta, eskalada, skatea, esgrima, hipika, padela eta abar. Aurten, ikastaro batzuk lehen aldiz eskainiko dira: futboleia; pickleballa; Mundaizko ontziralekutik abiatuta, ibaian egitekoak diren kirol-ekintzei buruzko ikastaro bat, eta salbamendu eta sorospen ikastaroak, Zurriolan.

Izen ematea

  • Lehenengo fasean, izena behin-behinekoz ematen da: maiatzaren 6tik 9ra (biak barne). Pertsona bakoitzak behin-behineko izen-emate bakarra egin ahal izango du ikastaro berean, baina lau ikastarotan eman ahal izango du izena, gehienez. Izen-emateak taldean ere egin ahal izango dira, eta ikastaro bakoitzean, gehienez, lau pertsona onartuko dira.
  • Gomendatzen dugu behin-behineko izen-emate horiek webaren bidez egiteawww.donostiakirola.eus–, baina aurrez aurre ere egin ahal izango dira zerbitzu hori eskaintzen duten erakundeetan.
  • Behin-behineko izen-emate guztiek maiatzaren 10ean egingo den zozketan parte hartuko dute, eta plaza lortzen dutenek astebeteko epea izango dute ordainketa egin eta, horrela, izen-ematea berresteko.
  • Bigarren fasea maiatzaren 27an hasiko da, eta, egun horretatik aurrera, izen-emateak zuzenean egin ahal izango dira plaza libreren bat duten ikastaroetan.

Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasuntsurako zinegotziak adierazi duenez, "Donostian, udaro espero izaten da eskaintza honen iritsiera. Aire zabaleko kirol-ekintza ugari biltzen du –batez ere itsasokoak–, eta ekintza horiek, hain zuzen, erakartzen dute kanpainaren izen-emate guztien laurden bat, normala denez, uda garai erakargarria baita kirola egitera animatzen direnentzat".

2024/04/24-an argitaratua