Isuri Gutxiko Eremuak % 31 murriztu du nitrogeno dioxidoa Donostiako erdigunean
2025 osoan ez da eguneko muga behin ere gainditu
Isuri Gutxiko Eremua (IGE) indarrean sartu eta urte erdira, airearen kalitatean izan duen eraginaren emaitzak aurkeztu ditu Udalak. Datuen arabera,
nitrogeno dioxido (NO₂) mailak hobetu dira hirigunean, bereziki Easo inguruan, bertan baitago IGEren barruan airearen kalitatea neurtzen duen estazio bakarra.
2025eko martxoaren 14an jarri zen martxan Donostiako IGE, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeak mugikortasunaren ondoriozko isuriak murrizteko neurriak hartzeko agintzen baitie 50.000 biztanletik gorako udalerriei. Neurri hori
Europako Itun Berdean eta airearen kalitateari buruzko zuzentarau berrian dago, eta nitrogeno dioxidoaren eta airean diren beste partikula kutsatzaileen mugak murrizten ditu.
Emaitza nagusiak
Ingurumen Osasun eta Jasangarritasun Sailak Easoko estazioan hartutako datuetan oinarritutako analisiek ondorengoa diote:
• % 19 murriztu da NO₂-a 2024arekin alderatuta (3,93 µg/m³)
• % 31 murriztu da 2021–2024ko batez bestekoarekin alderatuta (7,33 µg/m³)
• 2025ean ez da gainditu 50 µg/m³ eguneko muga (2024an behin, eta aurreko urteetan 6, batez beste)
• Ategorrieta eta Tolosa hiribideetan lehen bezala edo pixka bat gora egin du NO₂ mailak eta, beraz, Easoko jaitsiera zuzenean IGEari egotzi daiteke
PM10 eta PM2,5 partikulak pixka bat igo dira 2024arekin alderatuta, baina joera orokorra beheranzkoa da oraindik ere. Partikula horiek iturri ugari dituzte, eta, beraz,
bilakaera kanpoko faktore batzuen mende dago: Saharako hautsa eta industria-jarduera, adibidez.
Iñigo Garcia Villanueva Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak positibotzat baloratu du lehen balantze hau: "
IGEa ezartzeak mugarri bat jarri zuen gure ingurumen-politikan. Sei hilabete pasa eta gero, norabide egokian goazela esaten dute datuek: nabarmen murrizten ari gara osasunerako oso kaltegarria den kutsatzaile bat, ibilgailuen trafikoari zuzenean lotuta dagoena».
Klimaren jarraipena egitea eta joerak finkatzea
Ingurumen Osasun Sailak gogorarazi du urteko aurreneko 8 hilabeteetakoak bakarrik da datu horiek, eta, beraz, behin-behinekotzat hartu behar dira. Baldintza meteorologikoek nabarmen eragiten diote kutsatzaileak sakabanatzeari, eta, hala, urteko garai guztiek ez dute berdin balio IGEaren eta horrelako neurrien eragina neurtzeko.
Udaberrian eta udan, esate baterako, tenperatura altua eta eguzki-erradiazio handia izaten da, eta ozono troposferikoa errazago sortzen da. Hori dela eta, zailagoa da airearen kalitatearen adierazleak hobetzea; hala diote AEMETek eta Europako Ingurumen Agentziak ere. Hala eta guztiz ere, orain arte lortutako datuak positiboak dira, batez ere nitrogeno dioxidoari (NO₂) dagokionez, eta horren jaitsierarik handiena Easoko estazioan izan da, IGEaren perimetroaren barruan.
Ingurumen Sailak adierazi du, orobat, udazkenean ere begiratu behar zaiola datuen bilakaerari –airearen kalitateak hobera egitea aurreikusten baita udazkenean–, eta, bereziki, negua pasatutakoan izango den bilakaerari, urte sasoi horretan baldintza atmosferikoak hobeak izaten baitira kutsatzaileak sakabanatzeko. Orduan bakarrik eduki ahal izango da serie konparatibo sendoagoa, ikusitako joerak finkatu eta IGEak hirian duen egiturazko inpaktua zehaztasun handiagoz baloratu ahal izateko.
"
Airearen kalitatea hobetzeko erronka ez da hor amaituko", gaineratu du Iñigo Garciak. “
IGEa funtsezko tresna da; baina, horrekin batera, izango dira beste neurri batzuk ere (mugikortasun jasangarria, garraio publikoa eta bizikletan eta oinez ibiltzea sustatzea, adibidez), eta baita herritarrak kontzientziatzeko kanpainak ere. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu hiri osasungarriagoa eta bizigarriagoa hurrengo belaunaldientzat".
Erlazionatutako dokumentuak
2025/09/22-an argitaratua