Irailaren 16tik 22ra ospatuko da ‘Konbinatu eta mugitu’ lelopean. Europako ekimen honekin ‘multimodalitatea’ sustatu nahi da eta Pilar Aranak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotziak, helburua honako hau dela nabarmendu du: ‘hirian barrena mugitzeko aukera guztiak ikusita, jasangarrienak konbinatzera animatu nahi ditugu herritarrak; garraio publikoa erabiliz eta bizikletaz, oinez edo patinetan mugituz’.
Horretarako Donostia oso hiri aproposa dela gaineratu du, duen neurriagatik batetik bestera mugitzea erraza delako eta garraio publikoaren eskaintza zabalak mutur batetik bestera desplazatzea aukera ematen duelako.
Bizikletaren erabilera sustatzeko makina bat ekimen izango dira aurten ere eta besteak beste, Kalapie Elkartearekin batera antolaturiko ‘Ruta 25’ bizikleta martxa izango da jardueratako bat. Herritarrek hiriko bidegorrietan barrena 25 kilometroko eta interesgunez betetako ibilaldia egin ahal izango dute irailaren 22an Udaletxetik irtenda.
Ez da jarduera aipagarri bakarra izango, aurten estreinekoz Social Bike Challenge deituriko ekimena abian jarriko dute. Aplikazio baten bitartez hiriko txirrindularien desplazamendu guztien jarraipena egin ahal izango da lehiaketa batean parte hartuz. Egindako distantzien arabera puntuak eskuratu eta sariengatik aldatuko dira. Lehia irailaren 16an hasi eta urriaren 6an amaituko da, epe horretan kilometro gehien egiten duenak sariak lortzeko aukera handiagoa izango du.
Jarduerak
Europako Mugikortasun Jasangarriaren Asteari hasera emateko, irailaren 16ean, igandean, etxeko txikienentzako puzgarriak eta pedalkada-pistak jarriko dituzte Alderdi Ederren goiz eta atsaldez.
Astelehenean berriz, irailaren 17an, ‘Errepidetik bizikletan nola ibili’ ikasteko ikastaroa eskainiko da, Teresa de Calcula plazan 18:00tik 19:00ra.
Eta hurrengo egunean, irailaren 18an, ‘Bizikleta konpontzeko oinarrizko mekanika’ ikasteko aukera egongo da, toki eta ordu berean.
Urtero egiten den moduan, aurten ere ‘Donostia Ttipi-ttapa’ ekimenari esker, ikasleek Donostian nola mugitu eta orientatu ikasiko dute irailaren
19an eta 20an. 19an ere, bidegorrietatik zehar Roller ibilaldia izango da 19:30tan. Ostegunean, irailaren 20an, Kalapie-Hiriko Txirrindularien Elkarteak bizikleta zaleen merienda antolatu du 17:00tik 20:00ra La Perla aurrean.
IGANDEA
16
11:30-14:00 / 16:00-18:30 Disdiruña puzgarriak eta pedalkada-pistak
Alderdi Eder
ASTELEHENA
17
18:00-19:00 Errepidean bizikletan nola ibili ikastaroa
Teresa de Calcuta plaza
ASTEARTEA
18
18:00-19:00 Bizikleta konpontzeko oinarrizko ikastaroa
Teresa de Calcuta plaza
ASTEAZKENA
19
09:15-12:15 Ttipi-ttapa
19:30 Roller ibilaldia
Mikroantzerkiak eta perching-a Dbusen
Easo plaza
Karlos Santamaria plaza
Dbuseko autobusak