‘Goizaldiak’ adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua berriro ere martxan da

Autonomia eta sozializazioa sustatzeko zerbitzua eskaintzen diete adineko pertsona ahulei

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Udaleko Gizarte Ekintza sailak kudeatutako ‘Goizaldiak’ zerbitzua etenda egon ostean, berriz ere arreta eskaintzen hasi da hiriko 4 zentroetan. Halere, konfinamenduan ‘Goizaldiak’-eko erabiltzaileen jarraipena egin da.

Eguneko zerbitzu honen bidez, adineko pertsona ahulen autonomia mantentzen lagundu eta adinekoari bere ohiko giroan iraunaraztea lortu nahi da, bai eta haien sozializazioa bultzatzea ere, dagokion kasuetan, isolatze egoerak konpentsatzeko.

Hainbat talde jarduera egiten dira, hala nola:
  • gimnasia egokitua
  • erlaxazio tailerra
  • esku terapia
  • tailer ludikoak
  • memoria tailerrak
  • ikus-entzunezkoen tailerrak bizi kalitatea hobetze aldera
  • zahartze aktiboa sustatzeko eta harreman sozialak izateko beste zenbait jarduera ere.

Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek zerbitzua berriro eskaintzearen garrantzia azpimarratu du: “oso berri ona da, eguneroko bizitzan zailtasunak izan ditzaketen adineko pertsonei berriro ere horrelako zerbitzua eskaini ahal izatea etenaldiaren ostean. Gehienentzat ‘Goizaldiak’ sozializatzeko aukera paregabea da”.

Zerbitzua astelehenetik ostiralera ematen da, goizeko ordutegian, 10:00etatik 13:00etara eta urte guztian zehar honako 4 egoitzetan:
  • Egiatarra Elkartea,
  • Bidebietako Guardaplata Elkartea,
  • Altzako Nao Etxea Elkartea
  • eta Groseko Udalaren lokalean (Nafarroa Behera 7).

Aitziber San Romanek gaineratu duenez, behar bezala eta baldintza egokietan irekitzeko Osasun Publikoko osasun protokoloak eta neurriak kontuan hartu dira; garbitasuna indartuz, aireztapena bermatuz, betebeharren informazio kartelak ipiniz, mahaiak kendu dira, jarduerak egokitu dira, ezingo dira gauzak eta jokoak partekatu, besteak beste.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/07/02-an argitaratua