Feministaldiaren XIV. jaialdia Kontadoresen izango da

Abenduaren 12, 13 eta 14an ospatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Plazandreokek beste urte batez Kultura Feministaren Jaialdia antolatuko du abenduko bigarren hamabostaldian. Aurten, ‘Pilulak’ lelopean hartuko du abenduaren 8tik 14erako astea. Aurkezpenean izan ziren Plazandreok kolektiboko antolatzaile Juana Aranguren, Feministaldiako koordinatzaile Leire San Martin eta Josebe Iturrioz, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, Donostiako Berdintasun zinegotzi Duñike Agirrezabalaga eta Tabakalerako kultura zuzendari Clara Montero.

Azken hamalau urteetan bezala, egun kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izan nahi du Feministaldiak, bereziki, zaurgarritasuna, eromena eta desorekei begira jarrita. Horretarako, hainbat izango dira egitarau oparoa beteko duten gonbidatuak.

“Aurtengo edizioa berezia izan da” hala azpimarratu zuen Leire San Martin jaialdiko koordinatzaileak, “azaroaren 23an ekin genion Paul B. Preciado eta Cristina Moralesekin egindako hitzaurre batekin eta abenduaren 8 eta 9an Tabakalerarekin elkarlanean jarraitu dugu zinema feminista landuz” azaldu zuen.

Hala azpimarratu zuen jaialdiaren garrantzia Landaidak: “Feministaldiak espazio bat eskaintzen dio feminismoari, kulturari, eta gogoetari eta baita emakumeen arteko sareak sortzeari. Izan ere Feministaldia bada elkargune bat, diskurtso, disziplina eta mundu ezberdinak harremanetan jartzeko, eta emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena entzunarazteko”.

Kontadoresera aldaketa


Aldaketa nagusia kokapenean datza: azken urteetan hartzaileak ohituta zeuden Tabakaleratik, Kontadores Gazte Zentrora mugituko baita jaialdia. “Periferietara” itzultzeko apustua egin baitute. “Hasierako Feministaldiaren Artelekuko urte haiek gogoan, gogoa genuen hiriak eskaintzen dituen beste bazter batzuetara jotzeko”, gehitu zuen Feministaldiako koordinatzaile Josebe Iturriozek.

Hala azpimarratu zuen Duñike Agirrezabalagak ere: “Donostia Gazteriarentzat oso garrantzitsua da Feministaldia Kontadoresen izatea. Gune hau nabarmentzen lagunduko digu, eta Gazteriako departamentua lantzen ari den diskurtsoa indartzen du ere bai. Horrez gain, Kontadores zentroko langileek gai honen inguruan duten prestakuntza azpimarratu beharra dugu”. Aurten ere, egitarau oparoa bildu dute antolatzaileek. Hitzaldi, mahai-inguru, antzerki eta performance-en artean, honako artista, aktibista eta pentsalariak izango dira.

Buru-osasuna, prostituzioa, transexualitatea


Pilulak leloaren barnean, hainbat dira landuko diren gaiak. Abenduaren 9a izan zen abiapuntu, hain zuzen Zauriak dokumentalarekin hasi baitziren, buruko gaitzak eta feminismoa uztartzen dituen ikus-entzunezkoarekin.

Horri jarraipena emateko, BURU-OSASUNA ETA FEMINISMOAK: ZAURGARRITASUNA POTENTZIAL GISA mahai-ingurua izango dute larunbatean, Maria Zapata, Susanna Minguell eta Marta Plazarekin.

Egun berean, prostituzioa ere mintzagai izango dute PROSTITUZIOA: ELKARRIZKETA ETA ETIKA FEMINISTA izeneko mahai-inguruan, Sabrina Sanchez eta Tere Maldonadorekin. Besteak beste, transexualitateak ere bere lekua izango du BITASUNETIK AT, PRAKTIKA ARTIBISTAK mahai-inguruarekin, Sam Fernandez eta Diego Marchanterekin.

Horiez gain, Nancy Garin, Susana Talayero, Leire Aranberri, Ce Quimera, Urko Postop, Irene Arrarats, Iraitz Agirre, Marta Malo, Cul Kombat, Miren Gaztañana eta Iraia Eliasen lan eta ekarpenak izango dira.Urtero bezala, Feministaldiak festa antolatu du jaialdiari amaiera emateko. Larunbatean Moganbo aretoan izango da 22:00etatik aurrera, besteak beste, Folkaraokea eta Sobria&Serena Djekin.

Informazio gehiago eta programa osoa: https://feministaldia.org/


2019/12/12-an argitaratua