Donostiako Udalak 71 lanpostu betetzeko Lan Eskaintza Publikoa onartu du

Gobernu Batzordearen beste erabakiak: Eskuzaitzeta 'Ez, eskerrik asko, Gladysen leihoa', 2020ko Zerga Ordenantzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2019ko Lan Eskaintza Publikoa. Honetan, 71 lanpostu aterako dira, erakundearen bitartekotasuna %32ra gutxitzeko (gaur egun %34koa da, eta joan den urtean %37 zen). Lanpostu horietatik, 51 txanda irekian aterako dira, hau da, Udaleko funtzionario izan gabe parte hartu ahal izango da; beste 20ak, berriz, barne igoerako txandan aterako dira, enplegatuek lanbide karrera egin ahal izan dezaten.

Txanda irekian aterako diren 51 lanpostuak honako hauek izango dira: 19 administrazio orokorreko teknikari, erdi mailako 20 teknikari, goi mailako 10 teknikari (3 arkitekto, bide ingeniari 1, enpresa mediku 1, komunikazio teknikari 1, ekonomia atalean 4), Udaltzain 1 eta langile 1. Lanpostuak betetzeko, postuaren berezitasunaren araberako tituluak eta euskara mailak eskatuko dira.

Barne igoerako txandari dagokionez, 71 lanpostu horietatik 20 aterako dira txanda horretan. Aukera ona da enplegatuek lanbide karrera egiteko.

Udala kalitate oneko enplegu publikoaren eta integrazioaren alde

Eskainitako lanpostuetatik 5 (guztiaren %7a) desgaitasunen bat duten pertsonentzat gordeko dira, eta horietatik bat (%2) desgaitasun intelektuala zehazki egiaztatzen duten pertsonentzat izango da.

71 lanpostuetara sartzeko prozesuak deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira. Izen-ematea Udalaren webguneko (www.donostia.eu) lan eskaintzaren atarian egin daiteke, edo, bestela, udaletxean bertan. Nahi izanez gero, jaso daitezke martxan jartzen diren hautaketa prozesuen abisuak ere, zerbitzu horretan izena emanda webgune berean.

Enplegu eskaintza hau 3 urteko epean egin beharko da, eta epe hori luzaezina da.

Lan poltsak sortuko dira prozesuetako izangaiekin

Hautaketa prozesua gainditu bai baina lanposturik eskuratu ez duten izangaiak lan poltsa batean sartuko dira, gerora hutsik gelditzen diren postuak betetzeko nahiz aldi baterako beharrei erantzuteko. Lan poltsa horiek uzten zaizkie hala eskatzen duten administrazio publikoei ere, baldin eta langileak kontratatzeko behar badituzte.

Hori dela eta, lanpostu horietara aurkeztea aukera pareagabea da enplegatu publiko gisa lan egin nahi duten pertsonentzat; izan ere, baliteke, lan poltsan egotearen ondorioz, plazarik eskuratzen ez dutenek Udalean edo beste administrazio publikoren batean sartzea.

Eskuzaitzeta


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du administrazio emakida zuzenean ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari Eskuzaitzetako 10.537 m2ko lursail bat Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioaren eraikina egiteko.

Emakida 75 urteko epe luzaezin baterako emango da. Epe hori zenbatzen hasiko da emakida hau dokumentu administratiboan formalizatu eta hurrengo egunean, eta 382.009 euroko kanona izango du.

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Eskuzaitzeta eremuko 10.000 m2 dituen beste lurzati bat Gipuzkoako Foru Aldundiari 2 miloi euroko prezioa izango duen salerosketaren bidez besterentzea Elektromugikortasun Poloa ezartzeko.

"Ez, eskerrik asko, Gladysen leihoa"


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako Udaleko Dirulaguntzetarako Plan Estrategikoa 2017-2019 eta Plan Estrategiko Bateratua 2017-2019 aldatzea, Tentazio Produkzioei “Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa” izeneko proiekturako emango zaion aparteko dirulaguntza txertatzeko.

Aurten, berrogei urte beteko dira Gladys del Estal gazte donostiarra hil zutenetik, eta mugimendu ekologista eta antinuklearren alde konprometituko gazte horren historia da, hain justu, “Ez, eskerrik asko, Gladysen leihoa” dokumentalaren gai nagusia. Lan hau balio handikoa izan daiteke erakundeentzat, eta interes handia du herritar guztientzat eta gizarte osoarentzat, bereziki donostiarrentzat, sentsibilizazio tresna gisa, biktimen aitortza, babesa eta elkartasuna sustatzeko eta herritarrak bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko borrokan engaiatzeko.

2020ko Zerga Ordenantzak


Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu ditu 2020ko Zerga Ordenantzak jendaurrean jarrita edukitzeko epean erreklamaziorik aurkeztu ez direnez.

2019/12/03-an argitaratua