Illarrako hirigintza hitzarmenari esker Babes Ofizialeko Etxebizitza gehiago eraikiko dira

Hirigintzako zinegotzi Enrique Ramosek azaldu du iraunkortasunarekin lotutako irizpideen ondorioz aldatuko dutela plan orokorra

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak iragarri duenez, datorren astearteko Gobernu Batzarrean “oniritzia emango da IB12 ILLARRA eremuari, VILLA ERESKI eta DEPÓSITO partzelei eta ERREGENEko lursailei dagokien hirigintza hitzarmena izapidetzeko eta jendaurrean jartzeko. Aurki aldaketa puntual bat egingo zaio plan orokorrari, proiektu horiek gaur egungo iraunkortasun irizpideen arabera egokitzeko, eta horregatik egin da hitzarmen hau. Hitzarmenari esker, etxebizitza gehiago egongo dira Donostiako gaur egungo hirigunean, eta dotazio publikoak ere ugaritu egingo dira”. “Illarrako eremuan eraikitzeko bolumena handitu denez –esan du Ramosek–, beste 262 etxebizitza gehiago eraikiko dira hasieran proiektuan jasotako 123 etxeez gain, eta horietatik 131 babes ofizialekoak izango dira”.

Enrique Ramosen hitzetan, “indarrean dagoen hirigintzako legeriaren helburu eta irizpideetako bat, baita indarrean dagoen 2010eko Plan Orokorrarena ere, hiriko hirigintza modu iraunkorrean garatzea da. Era berean, irizpide horiek lotura estua dute garapen iraunkorraren printzipioarekin (eta garapen horrek zerikusia du, besteak beste, baliabide naturalen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin, lurzoruarena barne), baita lurzorua modu arrazional eta intentsiboan erabiltzeko helburuarekin ere, eta berariaz araututa daude Lurzoruaren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legean, hirigintzaren eta hiri antolamenduaren premisa orokor gisa”.

“Premisa horiei jarraituz, eraikitzeko gutxieneko bolumena arautzen duten parametroak ezarri dira; zehazki, 0,40 m²(t)/m²(s) sestra gainean, hiri lurzoru urbanizagarrietan mugatutako bizitegi eremu globaletarako. Horri dagokionez, Illarra eremuan egin asmo den hirigintza proiektuak 0,25 m²(t)/m²(s)-ko eraikitzeko bolumena hartzen du, eta, beraz, ez ditu betetzen aipatutako irizpideak. Horrenbestez, bidezkoa da hango hirigintza proiektua iraunkortasun irizpideen arabera moldatzea, sestra gainean eraikitzeko bolumena areagotzeari dagokiona barne. Hitzarmen honekin, bada, eraikuntzako tipologia aldatuko da: dentsitate txikitik etxebizitza dentsitate irekira”.

Enrique Ramosek azaldu duen moduan, “Illarra eremuan 14.300 metro koadrotik 40.087ra handituko da eraikitzeko bolumena; guztira 25.787 metro koadroko gorakada, hau da, % 180koa. Metro koadroen gorakada horretan, etxeen % 57 libreak izango dira, eta % 43 babes ofizialekoak (% 31 BOE eta % 12 tasatuak). Zehazki, 262 etxebizitza gehiago egingo dira, horietatik % 50 babes ofizialekoak eta tasatuak: 131 etxebizitza, eta % 50 libreak”.

“Villa Ereskiko partzelak (“AY. 18 Munto” hirigintza esparrua), berriz, gaur egun bizitegi partzelak dira. Hango eraikitzeko bolumena 2.577 metro koadrokoa da, eta 3.840 metro koadro handituko da (% 149). Guztira, 6.417 metro koadro egongo dira eraikitzeko, eta eremu horretan guztian etxebizitza libreak jarriko dira. Indarrean dagoen hirigintza erregimena egokituz, halaber, hiriko dotazio publikoak ugaritu eta hobetu ahal izango dira. Era berean, aipatzekoa da orain Depósito partzelarako (“IB.17 Fundación Matia” hirigintza esparrua) planteatzen den ekipamendu publiko berriaren proposamena. Erregeneko udal lursailak, berriz, landa lurzoru ziren orain arte, eta sistema orokorreko espazio libre publikoko lurzoru izango dira aurrerantzean”.

Oniritzia eman ondoren, hitzarmenaren testu osoa jendaurrean jarriko da hogei egunez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, alegazioak aurkeztu ahal izan dakizkion.

2018/05/16-an argitaratua