Jazzaldia, gogoangarria kalitate artistikoagatik eta publikoaren berotasunagatik

156.000 ikus-entzuletik gora izan dira 17 agertokietako 105 emankizunetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
52 Heineken Jazzaldia hurrengo sentsazioarekin itxi dugu: bere historiako osatuenetakoa izan da, kalitate artistiko altuarekin, ia hedabide guztiek ere hala nabarmendu dute, eta publikoaren erantzuna sutsua izan da, ohikoa denez. Ikus-entzuleak, guztira, 156.500 izan dira: 17.000 kontrolatutako sarbidea zuten aretoetan, eta 139.500 sarbide librekoetan.

Trinitate plazako aurtengo emankizunek entzuleak txunditu dituzte, eta zaila da kontzertu bakar bat nabarmentzea. Saxofonisten urtea izan dela esan daiteke. Donny McCaslin eta Kamasi Washington izan ditugu, proposamen arrunt desberdinekin, baina biak ere jazz garaikideari buru eta bihotz emanak. Eta Charles Lloyd maisu hunkigarria, jakina, aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria.

Abeslari apartak ere ez dira falta izan "Trini"-n. Macy Grayk soul intimoa eta adierazkorra tartekatu zituen. Gregory Porter momentuko jazz abeslaria da. Grammy bat lortzen du diskoko, eta agertokian gertukoa eta atsegina da. Piano-jotzaile historikoa ere izan genuen gure artean: Abdullah Ibrahim. Bakarka, Ekaya bere taldearekin edo Terence Blanchard-ek lagunduta entzutea, beti da plazera.

Trinitate plazan inor nabarmentzea zaila bada, are gehiago Kursaalen. Wayne Shorter azken 50 urteetako saxofoi-jotzaile handienetakoa da, eta Danilo Pérez, John Patitucci eta Brian Blade-rekin egiten duena etorkizuneko saxofoi-jotzaileek seguru oso aintzat hartuko dutela.

Agertoki Berdean The Pretenders izan ziren protagonista, ezin beste modu batera izan. 37.000 pertsona bertaratu ziren, eta ederki gozatu zuten Chrissie Hyndek eta kideek eman zuten kontzertu zintzo eta trukurik gabekoarekin. Beste emanaldi batzuek ere jende andana bildu zuten, eta ikus-entzuleek saria jaso zuten bueltan: emanaldi dibertigarriak (Sir The Baptist, Cory Henry, The Lucky Chops, Fantastic Negrito, of Montreal) eta erlaxatuagoa zen besteren bat (King Creosote). Txalo zaparrada jaso zuten Donostiako Niña Coyote eta Chico Tornadok ere. Atentzioa ematen dute ezohiko formazioa osatzen dutelako (gitarra eta bateria, eta neskak du baketen ardura) baita kontzertuaren intentsitateagatik ere.

30etik gora izan dira bakarlari eta talde euskaldunak, guztiak maila altukoak. Aipu berezia merezi dute Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasleek. Beraiek izan dute ardura omenaldiak lideratzeko: Ella Fitzgerald-ena, Thelonious Monk-ena eta Dizzy Gillespie-rena (hirurak jaio zirela 100 urte bete dira aurten), eta John Coltrane-rena (duela 50 urte hil zen). Deborah Carter-ek, Iñaki Salvadorrek, Chris Kase-k eta Mikel Anduezak erronka nota altuarekin gainditu dute: moldaketa originalak tentuz ikasi dituzte eta euskal jazz eszenako musikari fidagarriez inguratu dira.

Alderdi Ederreko lorategiak jaialdiko agertoki bihurtu dira, berriz ere. Eguneroko eskaintza bikoitzak jendetza batu du, bi arrazoigatik: kokapen ezin erakargarriagoa du, eta bertan programatu diren artistak lehen mailakoak dira.

105 emanaldi, 17ko agertoki, 156.000 entzule. Horiek dira 52. Heineken Jazzaldiaren zenbaki hotzak, urteko garai honetarako tenperatura freskoekin bizitu duguna. Artisten eta entzuleen eskutik etorri da berotasuna, eta haiek bihurtuko dute gogoangarri.

2017/07/26-an argitaratua