'Ongi Etorri Eskolara' 2017-2018 kurtso amaiera

Kultur Aniztasunaren Bulegoak eskertza ekitaldi bat antolatu du gaur Miramongo Kutxaespazioan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Eskolen bukaerarekin batera, Kultur Aniztasunaren Bulegoak ikasturtean zehar egindako lana eskertu nahi die eskolei, familiei eta Ongietorri Eskolara programan lanean aritu diren pertsona guztiei. Horretarako, eskertza ekitaldi bat antolatu dugu, Kutxaespazioan. Helburua: zuekin ospatzea aurten jasotako emaitza bikaina.

Jakin badakigu eskolek nolako lana egiten duzuen, eta kulturartekotasuna curriculumetik kanpo lantzeak zer ahalegina eskatzen duen. Ikastetxeak gizartearen eraikuntzan behar-beharrezko tresna zarete, eta positiboki balioesten dugu bide horretan egindako aurrerapenak.

Donostiako Udaleko Kultur Aniztasunaren Bulegoak kulturarteko ikuspegi batetik kudeatzen du kultur aniztasuna, eta bere lan ildo nagusiak dira: sentsibilizazioa, elkar ezagutza eta aitortza, kulturen arteko bizikidetza eta errespetua, eta parte hartzea.

Horiek guztiak uztartzen ditu Ongietorri Eskolara proiektuak, eta ondo egindako lan horrek sustatzen ditu bai kultura ezberdinekiko errespetua, baita atzerriko jatorria duten familien gizarteratzea eskolan, auzoan eta hirian.

“Ongi etorri eskolara”, kultura artekotasuna osotasunean lantzen duen proiektu bat da: gelan, eskolan, familiekin eta auzoan edo herrian. Gelan eta ikastetxean kultura artekotasunaren ikuspuntua lantzen du, eskola komunitatea, eskola osatzen duten kultura guztiak balioztatzearen garrantziaz, sentsibilizatuz. Aldi berean, kultura guzti hauek euskarara eta euskal kulturara gertura daitezen lan eginez.

Programa honek, herrialde desberdinetatik Gipuzkoara emigratu duten familiak eta familia euskaldunak jartzen ditu kontaktuan. Familia euskaldunek bi kulturen arteko zubi lana egiten dute, etorri berrien bertaratze prozesuan lagunduz. Aldi berean, familia euskaldunak kultura berri bat ezagutzeko eta ezagutza honekin aberasteko aukera edukiko du.

Familia laguna programan, Donostiako 182 familiak parte hartu dute eta bai familia euskaldunek, bai beste herrialde batean jatorria dutenek, parte hartzeari buruz egin duten balorazioa oso positiboa izan da.

Familiekin egiten dugun lanarekin batera, ikerketa, sentsibilizazio eta eskola eta auzo edo herri mailako esku hartze lana burutzen dugu. Kultura artekotasuna eremu hauetan egiten diren jardueretan presente egon dadin.

“Ongi etorri eskolara” 2014.urtean, sortzen den proiektu bat da. Herrialde desberdinetatik Donostiara emigratu duten familietakoak diren ikasleen matrikula igoera gertatzen den momentuan, Gizarte Hezkuntzan eta kultura artekotasunarekin lan egiten esperientzia duten Egia auzoko Aitor Ikastolako guraso batzuen ekimenetik hain zuzen ere.

Informazio gehiago

2018/06/19-an argitaratua