"Tehzib Lilkul" elkartasun egitasmoaren amaiera Haurtxoko eta Gaztelekuetan

Aste honetan, Saharako haurrentzat bildutako eskola materiala emango zaio Maiatzak 20 elkarteari

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Tehzib lilkul hassaniyya hizkuntzan Hezkuntza guztiontzat esan nahi du. Hezkuntza guztientzat eskuragarri egoteko helburuarekin, egitasmo horren barruan, Donostiako Haurtxokoetan eta Gaztelekuetan hainbat jarduera burutu dira, Maiatzak 20 elkartearekin lankidetzan.

Haurtxoko eta Gaztelekuetan estutxeak egin dituzte tetrabrikak birziklatuz, Martuteneko Haurtxokoko haurrek egindako bideo tutoriala jarraituz. Bestalde, Saharara estutxeekin batera bidaltzeko, eskola materiala jasotzeko deialdi bat zabaldu zen.

Guztira, 150 estutxe inguru sortu dira, eta estutxe horiekin batera joateko material ugari bildu da Haurtxoko eta Gaztelekuetan. Honakoak izan dira gehien bildutakoak: margoak, arkatzak, boligrafoak, guraizeak, koadernoak, borragomak, txorroskiloak eta koloreztatzeko liburuxkak. Materiala haur, nerabe eta familiek eman dute neurri handi batean, baina aipatzekoa da hiru eragilek egin duten ekarpena: Martuteneko Sarroeta Auzo Elkartea, Amara Berri Eskola Publikoa eta Hezi Zerb Elkartea.

Sortutako estutxeak eta bildutako eskola materiala Maiatzak 20 elkarteari emango zaio gaur, asteazken arratsaldean, ekainak 21, 17:00etan Martuteneko Haurtxokoan. Arratsalde honetan bertan ere, 18:30etan, Martuteneko Gaztelekuan nerabeek bobina bat berreskuratuz Saharako banderarekin egindako mahaia emango zaio Maiatzako 20 elkarteari, duela hilabete Martuteneko Haurtxoko eta Gaztelekuak antolatzen duten Udaberrifest jaian bildutako diruarekin batera.

Donostiako Udaleko Gazteria sailak eta ekimenean parte hartu duten Haurtxoko eta Gaztelekuek eskerrak eman nahi dizkiegu ekimenean moduren batean edo bestean parte hartu duten eta materiala eman dute guztiei.

Tehzib lilkul! Hezkuntza guztiontzat!

2017/06/21-an argitaratua