Donostian izango dira, aurten ere, Errege Magoak

Haurrek gutunak eman ahal izango dizkiete, hilaren 5ean, 10:30ean Tabakaleran, eta 15:30etik aurrera Udaletxeko Udalbatza Aretoan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Urtarrilaren 5ean Donostian izango dira, berriz ere, Ekialdeko Errege Magoak. Aurtengoan Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroa bisitatzea eskatu dute, hiriko auzoetatik ibilbidea hasi aurretik. Hala, 10:30ean Andre Zigarrogilearen plazaren gaineko erakiniaren balkoi nagustira aterako dira, agurtzera hurbiltzen diren haurrekin lehen harremana izateko.

Ondoren, plazara jaitsiko dira, eta bertan dauden pertsona guztiak agurtuz zeharkatuko dute. Errege bakoitzak hiru postari errealen laguntza izango du, gutunak jasotzeko. Ondoren, hiriko auzoetara bisita hasiko dute: Sagastieder Plaza, Harria Parkea, Martuteneko gasolindegia, Maria Zambrano Plaza, Anoeta, eta José María Sert Plaza. 14:00etan Udaletxeko terrazara iritsiko dira eta, agintariak agurtu ostean, 15:30ean, haurrei harrera egingo diete Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte.

Udaletxeko sarbidean dagokion ilarra ezarriko da Alderdi Ederreko terrazatik, eta sartzeko lerroa 17:10ean itxiko da. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira osoko bilkuren aretora, heldu batek lagunduta.

Udaletxeko terrazatik kanpo gelditzen diren pertsonak ezingo dira Udalbatza Aretora sartu, baina erregeen paje laguntzaileak gerturatuko dira beren gutunak eta agurrak jasotzera.

Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau beteko du: Boulevard, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi, Boulevard.

Desfilea amaitu bezain laster, Errege Magoek adineko pertsonen zentroak bisitatuko dituzte: Alai-Etxe, Matia Rezola eta Villa Sacramento

Zeinu interpretea

Aurreko urteetan bezala, Errege Magoek zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen-urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.

Bost karroza

Aurtengo desfileak bost karroza izango ditu: Jaiotzaren karroza; Melchor erregeraren karroza, errenazimenduko jauregietako tronpetetan oinarrituta; Gaspar erregearen karroza, paradisuko hegaztietan inspiratuta; Baltasar erregearen karroza, itsas hondoko elementuez josia, eta, azkenik, buruhandien karroza. Halaber, ohiko paje taldeak izango dira eta desfileari kolorea eta musika jarriko dioten animazio talde ezberdinak.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/01/02-an argitaratua