Euskaraldiak eta Euskararen Nazioarteko Egunak ekitaldiz beteko dute Donostia

15 auzotan 180 bat ekitaldi antolatuko dira azaroaren 18tik abenduaren 3ra

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Euskaraldiaren 3. edizioa hasteko bezperan herritarrak bildu eta Euskaraldiari hasiera elkarrekin emateko aukera izango da Donostiako Boulevardean 19:00etatik 21:00etara. Donostiako Euskaraldiaren antolatzaileek Euskaraldia ariketan parte hartzeko azken deia egin nahi izan dute gogoratuz hiriko kultur etxe guztietan, Bidebieta eta Benta Berriko kiroldegietan, Bagera elkartean eta Udaleko Euskara Zerbitzuan txapak jasotzeko aukera izango dutela behin izena eman eta gero.

Oraindik ere hemen klikatuz eman daiteke izena. Eta, horrez gain, azaroaren 17an eta 18an, Boulevardean jarriko den karpan ere, izena eman eta txapa jasotzeko aukera egongo da goizez eta arratsaldez.

Musika emanaldiak, mezua irakurtzea eta txapa janzte bateratua azaroaren 17ko irekiera ekitaldian

Jai giroan eta umorez egingo zaio ongi etorria Euskaraldiari. Irekiera ekitaldiaren egitaraua ondokoa izango da:

  • 18:00: Musika eta dantza saioa Udalaren Musika eta Dantza Eskolak antolatuta
  • 19:00: Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristen saioa
  • 19:25: Euskaraldiaren mezua irakurtzea Tanya de la Cruz, Iñaki Salvador eta Sua Enparantzaren eskutik
  • 19:30: Txapa janzte bateratua
  • 19:40 Mugan taldearen emanaldia

Honen aurretik, goizeko 10:00etatik 13:00etara, hiru mintzodromo antolatuko dira Donostiako euskaltegietako ikasleentzat.

Euskaraldiaren irekiera ekitaldia eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketa jendetsua izatea nahi da. Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotziak adierazi du ariketan jende askok parte hartzea garrantzitsua dela. “Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohiturak aldatzen eta, horregatik, txapa soinean duen jende asko izatea lagungarria da ekimenerako”.

Insaustik baina, gogoratu du Euskaraldia ez dela kanpaina bat, ariketa sozial bat baizik. “Rol bakoitzaren zeregina ondo ulertzea funtsezkoa da ariketa taxuz egiteko. Ulermena bermatuta dagoen egoeretan euskaraz egin eta euskarari eutsiz gero, euskaraz egiteko aukerak biderkatuko zaizkigu”.

Donostiako egitaraua

Erlazionatutako dokumentuak

2022/11/15-an argitaratua