Donostiako udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei kanpaina hasieran

Egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei kanpaina hasieran. Miren Azkaratek, Udal Gobernuko Euskara zinegotziak adierazi duenez, haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea da. “Datorren otsailaren 8an bukatuko da matrikulazio kanpaina eta beste urte batez, datorren ikasturtera begira seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek. Erabaki horrek duen garrantzia kontuan harturik, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”.

Hiriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik (2016ko EUSTATen datuen arabera 29 urtetik beherako herritar euskaldunak+ia euskaldunak %89,59 dira) egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena.

Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta hortaz euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak. Horrela gutun bidez mezu hau helarazi nahi izan die aurten seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten 1.332 guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, Irria aldizkariaren ale berezi bat banatu zaie, “Ikastetxetik mundura” izenburua duena. Bertan, besteak beste, euskaraz ikasi eta euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko komiki, ipuin eta erreportajeak jasotzen dira, gurasoek, haurrarekin batera, irakurri eta goza dezaten.

D ereduaren hazkunde etengabea Donostian

Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Donostian 3 urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan, D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da, eta hori agerian geratzen da azken urteetako datuei erreparatuz gero.

1991/1992
ikasturtea
2001/2002
ikasturtea
2011/2012
ikasturtea
2018/2019
ikasturtea
A Eredua% 15% 9,6% 8,43 % 8,76
B Eredua % 498% 38,2 % 15,79% 3,6
D Eredua% 33% 52,3% 75,78 % 87,63
Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza

Erlazionatutako dokumentuak

2019/01/31-an argitaratua