Kalea(n) bizi proiektuak egiako espazio publikoa eraldatuko du urrian zehar

kaleak eta plazak pertsonak etxean bezala sentitzeko lekuetan bihurtzeko asmoz: lantegiak, espedizioak, esku hartze artistikoak eta hitzaldiak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hiriko espazio publikoa eraldatu, berritu eta pertsonentzako gune berriak diseinatzea du helburutzat Kalea(n) bizi proiektuak. Hala, urriaren 8tik 27ra hainbat ekintza egingo dira Egian zehar: besteak beste, lantegiak, espedizioak, esku hartze artistikoak eta hitzaldiak. Maria Melo eta Maddalen Miner Donostiako arkitektoak dira proiektu horren arduradunak.

Melok eta Minerrek MartxUp!-en bigarren edizioan parte hartu eta bertan proiektua abian jartzeko formazioa eta bide laguntza jaso zuten. MartxUp!-ek gazteen ideia, erronka eta proiektuak bultzatu eta abian laguntzen jartzeko Donostia Gazteria eta Mondragon Team Academyren elkarlan proiektua da.

Euren ideia landu ostean, Donostiako bi arkitektoak auzoko eragile eta bizilagunekin elkarlanean aritu dira lehendik dauden ekimenak, proiektuak eta plataformen topaketa errazteko eta berrien garapena sustatzeko. Honela, jardueraz beteriko programa osatu dute urrirako: iraunkorrak nahiz behin behienekoak dira, eta kaleak eta plazak pertsonak etxean bezala sentitzeko lekuetan bihurtzeko asmoa dute.

Horien berri emateko, informazio puntu bat egongo da Luis Martin Santos plazan. Bertan, kutxa finko bat izango da egitarauaren berri emateko; baita iradokizunak jasotzeko ere. Aldi berean, elkargune puntu bilakatuko da; izan ere, zenbait ekintza egingo dira bertan, eta mahaiak eta aulkiak egongo dira, baita bizikletentzako erremintak eta aparkalekua ere bai. Asteartetik igandera egongo da irekita.

Jarduerak


Kalea(n) bizi proiektuaren baitan hainbat ekintza programatu dira. Alde batetik, arkitektura efimeroaren kontzeptupean argia, musika edota margolanen bidez argitasun falta duten puntuak edota kritikoak direnak hobetuko dira. Esaterako, Maldatxo kalean Elena Scarattik egindako esku hartze bat izango da lantegi moduan urriaren 13an eta 20an. Bestalde, jokoak margotuko dira kalean bai soziabilitatea eta baita psikomotrizitatea ere lantzeko. Lantegiak ere antolatu dira komunitatearen ongizatea jorratzeko asmoz.

Gainera, auzoan barrena hainbat espedizio egingo dira, bertako beharrak eta horien kausak identifikatzeko. Adineko jendea eta gazteak izango dute protagonismo handia; izan ere, bi adin tarte hauetan auzoak dituen zailtasunak eta aukerak aztertuko dituzte.

Espazio publikoa handitzeko parklet-ak, espaloi luzapenak, jarriko dira autoak aparkatzeko lekuetan Egia kalean eta Xabier Aizarna inguruan. Instalazio horiek herritarrek hirietan (hiriguneetan, parketan edota lorategitan) espazio publiko gehiago izan dezaten diseinatu dira.

Itxiera moduan, jaialdi bat antolatu da urriaren 26an Luis Martin Santos plazan. Bertan, erakusketa eta ikus-entzunezkoen bidez proiektuaren nondik norakoak azalduko dira jai giroan.

MartxUp!


Kalea(n) bizi proiektua MartxUp! ekimenean parte hartu zuen 2018.urteko edizioan. Donostia Gazteriak Mondragon Unibertsitatearen eta Mondragon Team Academyren laguntzarekin antolatutako ekimena da MartxUp!. Helburutzat Donostiako gazteriaren ekintzailetza soziala sustatzea du, eta horretarako formazioa eta bide laguntza eskaintzen ditu. Aurten, ekimenaren hirugarren edizioa dago martxan.

2019/10/04-an argitaratua