Arte eta gastronomia Donostia eta Wiesbaden arteko adiskidetasuna sendotzeko

Donostiako Udaleko ordezkaritza bat senidetutako hirian da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako alkate Eneko Goia Wiesbadenera iritsi da gaur arratsaldean - Wiesbaden eta Donostia senidetuta daude 1981.urtetik -, eta bihar parte hartuko du Eduardo Chillida eskultorearen lanen erakusketaren irekieran Wiesbadeneko Museoan.

Goiarekin batera Donostiako Udaleko ordezkaritza segidako zinegotziek osatzen dute: Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Jon Insaustik, Auzoetako, Deszentralizazioko, Erantzunkidetasun zibikoko, Berdintasuneko eta Lankidetzako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak, EH Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek eta PPko zinegotzi Txema Murguiondok.

Bisita honen bitartez, Donostiako alkateak eta udal korporazioak Wiesbadeneko alkate Sven Gerich-ek 2017ko uztailean egindako bisita itzuli dute.

Donostiako ordezkaritzak bertako agintarien harrera jaso du arratsaldean bertan, eta Wiesbadeneko Museoan izan dira erakusketa iraunkorra ikusten, Aratz Erretegiko Xabier eta Iker Zabaleta sukaldariek prestatutako euskal afarian parte hartu aurretik. Afarian, bi hirietako Udaletako ordezkariez gain, Wiesbadeneko 150 hiritarrek ere parte hartu dute.

Donostiako alkate Eneko Goiak jasotako harrera eskertu du eta honakoa esan du: "Donostia eta Wiesbaden 1981tik elkarlanean ari gara, hainbat helburu ditugu komunean, eta gastronomiak eta arteak ere lotzen gaituzte". Hortaz, Goiak bere konpromisoa adierazi du, bi hirien arteko harremanak sendotzen jarraitzeko: "Egun harreman estua dugu eta, horri esker, bi hirietako ehunka gaztek kultura eta hezkuntza truketan parte hartu izan dute, eta horrek egun Europak bizi duen testuinguruan balio handia du".

Osteguneko agenda

Donostiako Udaleko ordezkaritzak bihar goizean Wiesbaden ezagutzeko aukera izango du eta Sven Gerich alkatearen harrera jasoko du Udaletxean.

Ondoren, Senidetzearen presidente eta Urrezko Danbor Armin Kleinek aperitibo bat eskainiko du, eta arratsaldeko zazpietan Wiesbadeneko Museoan Eduardo Chillida eskultorearen lanen erakusketaren irekiera ofizialean parte hartuko du.

2018/11/15-an argitaratua