Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei kanpaina hasieran

Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei kanpaina hasieran.

Miren Azkaratek, Udal Gobernuko Euskara zinegotziak adierazi duenez, haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea da. “Datorren otsailaren 9an bukatuko da matrikulazio kanpaina eta beste urte batez, datorren ikasturtera begira seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek. Erabaki horrek duen garrantzia kontuan harturik, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”.

Hiriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik (2011ko EUSTATen datuen arabera 30 urtetik beherako herritar euskaldunak+ia euskaldunak %89,07 dira) egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena.

Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta hortaz euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak. Horrela gutun bidez mezu hau helarazi nahi izan die aurten seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten 1.525 guraso donostiarrei.

Gutunarekin batera, Irria aldizkariaren ale berezi bat banatu zaie, “Euskaraz ikasi, euskaraz bizi” izenburua duena. Bertan, besteak beste, euskaraz ikasi eta euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko komiki, ipuin eta erreportajeak jasotzen dira, gurasoek, haurrarekin batera, irakurri eta goza dezaten.

D ereduaren hazkunde etengabea Donostian


Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Donostian 3 urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan, D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da, eta hori agerian geratzen da azken urteetako datuei erreparatuz gero.

1992/1993
ikasturtea
2002/2003
ikasturtea
2012/2013
ikasturtea
2016/2017
ikasturtea
A Eredua
% 17
% 10,2
% 9,3
% 8,1
B Eredua
% 49
% 36,7
% 11,6
% 3,7
D Eredua
% 34
% 53,1
% 79,1
% 88,2

Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza

Datuok agerian uzten dute gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dutela eta beraien seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi dutela. Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan-etorkizun zabalagoa izango du. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da.

2018/01/31-an argitaratua