Udalak 3 milioi bideratuko ditu partaidetza-aurrekontuetara 2022-2023 urteetarako

Urte bakoitzerako 1,5 milioi euroko aurrekontua aurreikusten da, Ekialdeko Barrutiak barrutiko proiektuetarako ematen duenaz gain

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak 2022-2023 urteetarako partaidetza-aurrekontuen prozesua hasi du. Prozesu horrek 3 milioi euroko aurrekontua izango du, 1,5 ekitaldi bakoitzeko, gehi Ekialdeko Barrutiak barrutiaren beraren proiektuetarako bideratzen duen zenbatekoa. Hala, Udalak herritarren parte-hartzea suspertzen du, Covid-19 krisiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.

Martxoaren 1ean hasiko diren faseetan, Udalak auzoetarako edo hirirako egiten diren proposamenak jaso eta aztertuko ditu, eta ezarritako irizpideak betetzen badira, donostiarrek horien gaineko botoa eman ahal izango dute, 2022 eta 2023 urteetarako aurrekontu-proiektuen definizioan eragina izanez.

Gaur egungo osasun-egoerak dakarren berritasun gisa, oraingo honetan dinamika erabat online izango da, eta prozesuaren azalpen eta dinamizazio lehen fasean auzotarrekin egiten diren bilerak Osoigo online plataformara eramango dira.

Baldintza horrek pertsona batzuk baztertzeko arriskua ekar ez dezan, Udalak auzo elkarteen laguntza izango du, programa profil guztietako herritarrei zabaltzen lagunduko duena.

Gainera, prozesu honen diseinua udal aurrekontuak egiteko denborak kontuan hartuta egin da, departamentu bakoitzak bere urteko egutegian proiektuak egoki integratu ahal izateko.

Partaidetzazko Aurrekontuen prozesu horri esker, herritarrek hiriaren eta auzoen beharrei buruz gogoeta egin ahal izango dute, baita hainbat esparrutan hobekuntzak proposatu ere. Ariketa hau herritarren partaidetza politika sostengatzen duen sistemaren baitan dago eta gobernuaren ordezkaritza lanarekin osagarri da, hiriko politika eta proiektu publikoak eraikitzerakoan.

PROZESUAREN FASEAK


1- Prozesuaren aurkezpena eta aktibazioa (martxoaren 1etik 21era)
2- Herritarren proposamenak (martxoaren 15etik 28ra)
3- Proposamenen azterketa (apirilaren 12tik ekainaren 6ra)
4- Proposamenak argitaratzea (ekainaren 7tik 13ra)
5- Proposamenak bozkatzea (ekainaren 14tik 27ra)
6- Emaitzen jakinarazpena eta jarraipena (ekainaren 28tik aurrera)

Erlazionatutako dokumentuak

2021/02/26-an argitaratua