Donostiako Udalak eta Dbus-ek gidari batek jasandako erasoa salatu dute

Asteazkenean, azaroak 28, gertatu zen gorabehera

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Asteazkenean, azaroak 28, gertatu zen gorabehera. 40-Gros-Antiguo-Igara lineako bidaiari batek eraso egin zion Dbus-eko gidariari. Erasotzailea 5 eta 25 lineen behin-behineko geltokian zegoen; hots, Londres Hotelaren inguruko obrak direla tarteko, Zubieta kaleko 22. zenbakira lekualdatuta dagoen horretan. Autobusa Zubieta 14tik ateratzen ari zen (16 eta 18 lineen geltokia, eta 33, 40 eta 45 lineen behin-behineko geltokia). Autobusa dagoeneko martxan zegoela, erasotzailea autobusera hurbildu, eta gidaria iraintzen hasi zen. Donostiako Garraio Arautegian jasota dagoen bezala, ezin dira bidaiariak onartu, horretarako prestatuta dauden geltokietatik kanpo baldin badaude.

Autobusaren parera iritsi zenean, erabiltzailea indarrez hasi zen autobusari joka. Aurreraxeago, autobusak geratu egin behar izan zuen, semaforo bat gorrian zegoelako. Semaforoan geldi zegoela, erasotzailea autobusaren aurrean ipini zen, berriz martxan jarri ez zedin, eta beira-garbigailua okertu zuen. Gidaria autobusetik jaitsi zen, beira-garbigailua ondo jartzeko, eta erabiltzailea berriz hasi zitzaion irainka, eta aurpegian jo zion.

Gorabeheraren ostean, gidariak zerbitzua ematen jarraitu zuen, eta lanaldiaren amaieran, ospitalean artatu zuten. Ondoren, Udaltzaingoan jarri zuen salaketa.

Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak, Udalaren izenean, babes osoa eskaini nahi dio erasoa jasan zuen langileari, eta beste behin, arbuiatu egin du Konpainiako langileei edozein eratako indarkeria egitea. Era berean, nabarmendu du oso garrantzitsua dela gidariek egunero egiten duten lana errespetatzea, eta gisa honetako ezbeharrak salatu ditu.

2018/11/30-an argitaratua