Giza Eskubideen 17. Zinemaldia. Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea zabalik

Martxoaren 20ra arte. Parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute eta apirilaren 5 eta 12 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 17. edizioan baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kidea izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 20a arte irekita dago. Hurrengo egunean (martxoaren 21ean) izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, eta irabazleen izenak zinemaldiko webgunean ezagutzera emango dira.


Aurreko urtetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera ematen du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko gradukoek eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horrezaz gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteei Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asteko, Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute.

Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira: solasaldiak, tailerrak eta erakusketak, besteak beste.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoa eta Donostia Kulturaren bitartez, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.


Oinarriak

Inskripzioa

2019/02/04-an argitaratua