Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroak (MUBIL) Donostiako Udalaren babesa izango du

Zubietako (Donostia) Eskuzaitzeta gunean kokatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du MUBIL, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa, zeinak helburu duen Gipuzkoa –eta Euskadi, oro har– bilakatzea nazioarte mailan erreferentzia industrial bat mugikortasun elektrikoaren eta energia metatzearen alorrean. Zentroa Zubietako (Donostia) Eskuzaitzeta gunean kokatuko da eta inguru horretan elektromugikortasunari lotutako berrikuntza eta jakintza polo bat eratzeko bokazioa izango du. Proiektuaren bultzatzaileek adierazi duten moduan, Administrazioa, enpresa eta eragileen arteko lankidetza bultzatzea du helburu egitasmo honek, gisa horretan ezagutza aurreratua, garapen teknologiko berritzaileak eta ekonomia aktibitate berria sorrarazi asmoz.

MUBIL proiektua Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren aterkipean landu da eta, baita ere, sektoreko 40 eragile, enpresa, erakunde publiko eta elkartek 2017ko irailean adostutako Gipuzkoako Mugikortasun Jasangarriko Estrategia dokumentuan jasotako ekintzetako bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Azken honek Energiaren Euskal Erakundearen bitartez lagunduko du egitasmoa.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, aipatu du Gipuzkoako hiriburuak buru-belarri lanean diharduela “zentrotik ibilgailu pribatuak atera ahal izateko garraio publiko eskaintza eraginkorra osatzeko”, trenbide eta autobusen osagarritasuna bilatuz. “Sektoreko enpresentzako bazkide garrantzitsua da Donostia. Mundu mailan punta-puntakoak dira eta beren egoitzak edo haien filialenak gurean kokatzen dira. Haiekin eta teknologia zentroekin elkarlan estuan dihardugu”.

Horregatik, alkatearen esanetan, Elektromugikortasun Zentroa Donostian kokatzeak “indartu egiten du ikerkuntza eta berrikuntzaren hiri izateko apustua”. “Hau guztia Donostian garatu daiteke, besteak beste, erabat berritzailea den garraio publikoko sarea dugulako, nazioarte mailan errekonozimendua lortu duena. Garraio kolektiboaren biztanleko erabilera indizea ere Europako hirien artean altuenetako da”, adierazi du.

Saiakuntza laborategia, zentroaren erdigunea

MUBIL zentroa Eskuzaitzetan eraikiko da, 5.350 metro karratuko esparru batean. Energia metatzearen alorreko saiakuntza laborategia izango da zentroaren erdigunea (4.450 metro karratu), zeinetan enpresa eta zentro teknologikoek beren frogak egin ahalko dituzten, banaka edo konsortzioen bitartez, elektromugikorasuneko eta energia metatzeko produktu eta ikerkuntzak garatzeko.

Zentroaren inguruan, 48.000 metroko lur azalera erreserbatuko da. Enpresa aktibitatea bertara erakartzeko bokazioa izango du esparru zabal horrek, elektromugikortasunari lotutako berrikuntza eta ekoizpen polo bat sortuz.

2018/10/18-an argitaratua