Artea eta Giza Eskubideak: zabaldu da margolanak online aukeratzeko epea
Otsailaren 27tik martxoaren 27ra arte gustukoenak hautatu ahal izango dira
Artea eta Giza Eskubideak, Haur eta Gazteen 22. ekitaldi honetan, berriz ere,
herritarrek aukera izango dute Publikoaren Saria erabakitzeko, epaimahai ofizialak aukeratutako margolanen artean hainbat kategoria eta modalitatetan. Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu!
Urtero bezala,
6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu dute. Aurten, 22. edizio honetan,
Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 38.4 artikulu inguruan hausnartzera gonbidatu ditugu. Bertan azaltzen da munduko herrialde guztiek ahal duten guztia egin behar dutela gatazka armatuetan gazteenak babesteko.
Horren inguruko hausnarketa eskatu diegu parte-hartzaileei eta hurrengo galdera irudietan islatzeko erronka proposatu zaie: Nola berma daiteke babes hori gerraren erdian? Aurtengo ekitaldian galdera horri 2.000 parte-hartzaile inguruk erantzun diote, bakarkako eta taldeko marrazkien arteko 1.300 lanekin. Aukeratzeko epea amaitu ondoren, webgune horretan bertan, palmaresa argitaratuko da.
Jarraibideak
Aukeraketan parte hartzeko jarraibideak:
- Sartu hemen: www.donostia.eus/gizaeskubideak
- Webgunearen ezkerraldean sakatu 'Online margo aukeraketa' lotura eta handik nahi duzun kategoria. Margolan bat hautatzeko sakatu “Aukeratu” botoia.
- Erabiltzaile berri gisa erregistratzeko orria zabalduko zaizu: bete ezazu inprimakia zure datu pertsonalekin eta ez zaitez ahaztu zein helbide elektroniko eta pasahitza jartzen duzun, datu horiek baitira parte hartzeko aukera emango dizutenak.
- Minutu gutxiren buruan, mezu bat jasoko duzu erregistratu duzun helbide elektronikoan. Bertan azalduko den esteka sakatzen duzunean, kategoria eta modalitate bakoitzeko marrazki bana hautatu ahal izango duzu “Aukeratu” beheko botoia sakatuta.
* Ez badituzu lanak saio bakarrean aukeratu nahi, ez dago arazorik, lotura horretan nahi adina aldiz sar zaitezke eta.
2026/02/27-an argitaratua