Donostian kontrataziorako laguntzak eskatzeko epea ireki da

2019ko martxoaren 26tik 2019ko abenduaren 31ra bitartean kontratuak gauzatu dituzten Donostiako enpresei zuzenduta daude

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Laguntza hauek 2019ko martxoaren 26tik 2019ko abenduaren 31ra bitartean kontratuak gauzatu dituzten Donostiako enpresei zuzenduta daude, betiere kontratuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa izena emanda zeuden pertsonekin gauzatu badira eta 3.000€ eta 9.000€ artekoak badira.

Laguntzek 457.000 euro jaso dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik eta Internet bidez edo aurrez aurre eska daitezke otsailaren 7ra bitartean.

1.- Eskabide telematikoak Donostiako Sustapenaren webgunearen bitartez egingo dira (www.fomentosansebastian.eus) 2020ko urtarrilaren 13ko 09:00etatik, bertan ezarritako eskakizunekin bat etorrita.
2.- Eskaera presentzialak Donostiako Sustapeneko Informaziorako Zerbitzu Zentraletan aurkeztuko dira, Erregina Erregentea 8 - Victoria Eugenia Antzokia - 20.003 Donostia helbidean, 2020ko urtarrilaren 13tik Donostiako Sustapeneko webgunean erreferentzia egiten den arreta publikorako ordutegian.
Eskabide presentzialak paperezko euskarrian aurkeztu beharko dira.

Laguntzak talde hauen barne dauden pertsonen kontrataziorako sortu dira:

1.- Kolektibo hauetako langabeen kontratazioa:
  • DSBE (diru sarrerak bermatzeko errenta) jasotzen duten pertsonak.
  • 35 urtetik beherakoak.
  • Luzaroko langabeak.
  • 55 urtetik gorakoak.

2.- Kolektibo hauen barne ez dauden langabeen kontratazioa.

3.- Emakume langabeen kontratazioa, emakumeen kopurua gizonen kopuruaren %50etik beherakoa den arlo profesionaletan.

Laguntzak eskuratu ahal izateko onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
  • Kontratatutako pertsonaren lan zentroa Donostian egotea.
  • Aktiboa 10 milioi eurotik beherakoa izatea.
  • Batez beste, 50 pertsona kontratatu baino gehiago ez izatea.

Ezingo dituzte laguntza hauek jaso irabazi asmorik gabeko erakundeek edo sektore publikoko erakundeen mendekoak diren edo sektore publikoko erakundeen %25etik gorako partaidetza duten erakundeek.

Kontratazioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
  • Kontratatutako pertsonak langabezian egotea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea lan harremana hasi aurretik.
  • Kontratatutako pertsonak Donostian erroldatuta egotea kontratazioa hasi aurretik.
  • Lanpostuak enpresaren jarduerarekin lotura zuzena izatea.

DonostiaUP!


DonostiaUP! 2019 Planaren bidez hainbat neurri jarri dira abian langabeen lan munduan txertatzea hobetzeko helburuarekin, enplegua lortzeko desabantaila handienak dituzten pertsonengan arreta berezia jarrita. "Hirian kontratazioa sustatzeko beharrezkoak diren estrategia guztiak indartu behar direla uste dugu, batez ere zailtasun gehien dituzten kolektiboen inguruan, hala nola luzaroko langabeak edo DSBE (diru sarrerak bermatzeko errenta) jasotzen duten langabeak", adierazi zuen Ernesto Gascok, Sustapen Ekonomikorako Zinegotziak.

Laguntza hauez gain badira ere, urte osoan zehar, DonostiaUP! sustapen ekonomikorako planaren esparruan abian jartzen diren beste hainbat programa espezifiko, kolektibo jakinak lan munduak txertatzeko helburua dutenak, hala nola 45 urtetik gorakoak, 35 urtetik beherakoak edo luzaroko langabeak.

2020/01/15-an argitaratua