Ordurako zertxa jarrita egongo da eta trafikoa bere onera itzuliko da.
Anoeta Estadioa birmoldatzeko lanek aurrera darraite eta, aurreikusita zegoen moduan, azken asteetan Estadioaren Iparraldeko espaloian muntatzen aritu diren zertxa handia igo egingo dute hurrengo astean. Horretarako, azken egunotan bi garabi handi prestatu dituzte zertxa bi aldeetatik altxatzeko.
Operazioa astelehenean hasiko da. Egun horretan garabian lan egingo duten langileek zertxa altxatzeko frogak egingo dituzte. Horrenbestez, astelehenetik aurrera ospitalera igotzeko Anoeta Estadioaren ondoko bi bideak itxi egingo dira, segurtasuna bermatzeko, eta Zorroaga pasealekutik behin behineko bidea jarriko da Beguiristain Doktorea pasealekuarekin lotura egiteko eta ospitalera igotzeko.
Halaber, Anoeta kirolgunea itxita egongo da ibilgailuentzat - baimenduak izan ezik - eta oinezkoentzat behin behineko bidea jarri da, izan ere, Anoeta Estadioko iparraldeko espaloia itxiko da. Hortaz, Anoetara sartu nahi duten oinezkoek Zorroaga pasealekutik sartu beharko dute, Anoeta Hotelarekin lotzen duen behin behineko sarreratik. Era berean, oinezkoek Atano III-etik ere sartu ahal izango dute.
Ospitaletik Madrilgo Hiribidera edo Errondo pasealekura joan nahi duten ibilgailuek, Zorroaga pasealekura jo beharko dute eta Toribio Altzagako biribilgunean buelta eman Aita Donostia plazara itzultzeko eta ohiko bidean sartzeko.
Eraginek osteguna arte iraungo dute. Ordurako zertxa jarrita egongo da eta trafikoa bere onera itzuliko da.
Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak honakoa adierazi du:
"Lanen fase honetan sortuko dira eragin handienak eta, ondorioz, bide hauen erabiltzaileei eskatzen diegu ospitalera igotzeko beste bide batzuk eta garraio publikoa erabiltzeko".