Indarkeria sexisten aurkako informazio eta arreta gunea San Sebastian egunean

Urtarrilaren 19tik 20rako gauean Bulebarreko prentsa kiosko zaharrean kokatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


San Sebastian eguna dela-eta, urtarrilaren 19tik 20rako gauean indarkeria sexisten aurkako informazio eta arreta zerbitzua eskainiko du Donostiako Udalak. Informazio eta arreta puntua Bulebarreko prentsa kiosko zaharrean egongo da, eta honakoa izango da ordutegia: gaueko 22:00etatik 04:00etara.

Informazio-gunearen helburua da jaietan gertatzen diren eraso sexisten inguruko informazioa eta prebentzioa egitea, bai eta erasoren bat jasan duten emakumeei eta neskatoei arreta ematea ere.

Informazio eta arreta zerbitzuaz gain, jaietan indarkeria sexistak prebenitu eta erantzuteko kanpaina jarri du abian Berdintasun Sailak, eta horren bitartez sentsibilizazio materiala banatuko du hiriko 100 tabernatan. Neurri horiek sexu-hezkuntzan eta berdintasunean adituak diren emakume gazteek gauzatuko dituzte. Bi ekintza horien bidez, eraso sexisten aurkako jarrera proaktiboak sustatu nahi dira, eta eraso sexistak jasaten dituzten emakumeei eta neskatoei arreta eman.

Era berean, hirian ateratzen diren danborradei ere helarazi zaie materiala eta informazioa, parte aktiboa izan daitezen erasorik gabeko jai aske eta seguruak sustatzerako orduan.

Informazio gehiago: ezezetzda.eus

Erlazionatutako dokumentuak

2024/01/16-an argitaratua