Balantze ona, Donostiako hondartza-denboraldia amaituta

Jendetza handia denboraldi osoan. Hondartzako zerbitzu guztiak normaltasunez aritu dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hondartza-denboraldia amaitu da, eta sasoiaren ezaugarri nagusia izan da ohiko zerbitzu guztiak normaltasunez eskaini direla berriro. Denboraldiaren balantzea ona da, uda osoan erabiltzaile-kopurua handia Donostiako hondartzetan, batez ere oso eguraldi ona egin duelako.

Miguel Ángel Díez Hiri Azpiegituren eta Zerbitzuen zuzendariak azpimarratu du "hondartzetara jende asko etortzeak proban jarri dituela bertan eskaintzen diren zerbitzuak, hondartzetan murrizketak ezarri behar izan ziren bi urteen ondoren. Nolanahi ere, okupazioa eta erabiltzaileen kopurua ona izan arren, hondartzak ez dira iritsi 2019an erregistratutako mailetara."

Denboraldia hasi aurretik, ez zen beharrezkoa izan hondar-mugimendu handirik egitea; hori bai, hiru hondartzetara eta kabinetara sartzeko eremuak hustu egin behar izan ziren, eta hondarraren kota ere jaitsi egin zen, zerbitzuetara errazago iristeko.

Donostiako hondartzek kalitate-eskakizun handienak betetzen dituzte, hala nola Europako EMAS ingurumen-ziurtagiria eta ISO 14001 kalitate-ziurtagiria, eta, astero, bainatzeko uraren osasun-kontrola egiten da hiru hondartzetan. Zerbitzuei, mareei, korronteei, bainu-eremuen banaketari eta kirola egiteko eremuen banaketari buruzko seinaleak ere jartzen dira hiru hondartzetan.

Txakurrak hondartzetan

Eta udako denboraldia amaituta, urriaren 1a eta maiatzaren 31 bitarte, txakurrak berriro ere hondartzetan sartu ahal izango dira. Hori bai, Gizabideari buruzko Ordenantza kontuan hartuz, txakurren jabeek haien gorozkiak jaso behar dituzte, bai bide publikoetan, bai hondartzetan, eta betebehar hori ez betetzeak 50 eta 200 euro arteko isunak ekar ditzake.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/09/30-an argitaratua