26 ikastetxetako 30 konpainiak hartuko dute parte haurren danborrada sinbolikoan

Hainbat ekitaldi antolatu dira San Sebastian Egunaren inguruan osasun egoerari eta indarrean dagoen araudiari egokituta

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu San Sebastian Egunaren inguruan, horietako bakoitza egungo osasun egoerara egokituz eta indarrean dagoen araudia betez.

Jon Insausti Kultura zinegotziak adierazi duenez, “nahiz eta erabaki zaila izan helduen danborrada edo banderaren igoera eta jaitsiera bezalako ekitaldi esanguratsuak bertan behera uztea, Udaletik beste ekitaldi batzuk egokitu eta mantendu ahal izateko lan egin dugu, hala nola haurren danborrada, txistularien kontzertua edo egun horren inguruan egiten diren sari banaketak”.

Haur Danborrada

26 ikastetxetako 30 konpainiak onartu dute Udalaren proposamena, ohikoa izango ez den haurren danborrada beste formatu batean egiteko. 2.965 haur izango dira Donostiako kaleetan zehar desfilatuko dutenak urtarrilaren 20an, ohiko haur danborradaren %63a, hain zuzen.

Loiolako Erribera, Erdialdea, Gros, Bidebieta eta Antigua auzoetako hainbat kale itxiko dira haur danborradako konpainiak bertatik joan daitezen, Sarriegiren doinuekin batera euren danbor eta upelak astinduz. Konpainiak ibilbide desberdinetan banatu dira, eta eguerdiko 12:00etan desfilean aterako dira:
  • Amara – Loiolako Erribera:Pablo Gorosabel, Bartzelona hiribidea, Gregorio Ordoñez, Euskal Kortsarioak, Gregorio Ordoñez, Bartzelona hiribidea, Pablo Gorosabel.
  • Erdialdea: Bulebarra, Hernani, Loiola, Arrasate, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Idiakez, Legazpi, Bulebarra.
  • Gros: Nafarroako hiribidea, Zurriola, Lapurdi, Zurriola, Nafarroako hiribidea.
  • Bidebieta: Salvador Allende, Serapio Mujika, Julio Urkixo, Serapio Mujika, Salvador Allende.
  • Antigua: Zumalakarregi hiribidea, Tolosa Hiribidea, Maule, Tolosa Hiribidea, Zumalakarregi hiribidea.

Urrezko Danborra eta Herritar Merezimenduaren Dominak

Aurten, Urrezko Danborra eta Herritar Merezimenduaren Dominak ekitaldi berean emango dira, urtarrilaren 19an, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian.

Ekitaldia herritarrei irekia izango da. Bertara joan ahal izateko, gonbidapen bat eskuratu beharko da, doan, Donostia Kulturaren sarrerak saltzeko plataformaren bidez urtarrilaren 14ko 11:30etik aurrera edo, bestela, Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, ohiko ordutegian, edukiera bete arte.

Ekitaldiaren sarreran nahitaezkoa izango da COVID pasaportea aurkeztea eta maskara une oro eramatea.

Udal Txistulari Bandaren aldez aurreko kontzertua

Udal Txistulari Bandaren San Sebastian egunaren aurreko kontzertua izango da urtarrilaren 16an, igandearekin, 12:00etan Antzoki Zaharrean.

Gonbidapenak, gaur ostirala, urtarrilak 14, eta biha,r larunbata bitartean eskatu ahal izango dira Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, ohiko ordutegian. Agortu ezean, Antzoki Zaharreko leihatiletan ere egongo dira eskuragarri kontzertua hasi baino lehen.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/01/14-an argitaratua