Udalak datorren hamarkadarako ibilbide orria aurkeztu du

Izaera, oreka, hiria, lidergoa eta abangoardia dira 2030erako Plan Estrategiko berriaren bost zutabeak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


"Nahi dugun hiria. Aukeren hiria". Lelo horrekin, Donostiako Udalak eta Estrategia Bulegoak hiriaren 2030 Estrategia aurkeztuko dute gaur arratsaldean.

Halaxe aurreratu dute gaur goizean Donostiako alkate Eneko Goiak, Estrategia Bulegoko zuzendari Kepa Kortak eta Gizarte Kontseiluko presidente Daniel Zulaikak prentsaurrekoan. Guztiek azpimarratu dute 2030erako Plan Estrategikoa zehazteko oso garrantzitsua izan dela azken urteotan Gizarte Kontseiluarekin eta hiriko sektore guztietako hainbat erakunde eta eragilerekin lankidetzan egindako partaidetzazko eta partekatutako prozesua.

"Plan Estrategikoaren helburua gaur daukaguna baino hiri hobea lortzea da. Hiritarrak gustura egongo diren hiria, harro egongo garen hiria. Zerbitzuen maila hobeak izango dituena, auzoen arteko kohesio handiagoa lortze aldera. Norberak bere bizi proiektua hobeto garatzeko aukera izan dezan. Aukeren hiri bat", azpimarratu du Goiak.

Kortak, bestalde, hiriaren 2030erako Plan Estrategikoaren oinarri diren bost zutabeak aurreratu ditu:
  • Izaera. Hiriaren eraldaketagatik, gizarte inklusiboago, gazteago eta adiskidetsuago baterantz.
  • Oreka. Jarduera ekonomikoetarako, turismorako eta merkataritzarako oreka etengabe bilatzen delako.
  • Hiria. Etengabeko hobekuntzagatik, hiri jasangarria, bizia eta irekia bermatzeko.
  • Lidergoa. Bikaintasuna bilatzea gure DNAn dagoelako, eta ingurumenaren lidergo glokal, gastronomiko eta sortzailea aitortzeagatik.
  • Abangoardia. Gure bizikidetza eredu propioa bilatzen dugulako, gobernantza eredua, hiri garapenaren eredua eta kultura eredua abangoardiako bihurtuz.

Planak hainbat balio biltzen ditu, hala nola elkartasuna, kohesioa, iraunkortasuna, inklusioa, identitatea, sormena, berdintasuna, tradizioa, berrikuntza,... horiek bideo pieza batzuetan islatzen dira eta ikusgai daude udalaren Instagram kontuan.


15 helburu estrategiko eta 58 ekintza ildo


Arestian aipatutako bost esparru sendo horietako bakoitzak, gainera, 15 helburu estrategiko espezifiko eta 58 ekintza ildo ditu ondorio.

Horiek guztiek hiriak datorren hamarkadarako duen «ibilbide orria» osatzen dute, eta horren bidez gai erabakigarrienei erantzuteko aurrerapausoak eman nahi dira, horretarako, garrantzi handiagoa duten alderdietan sakonduz. Halaber, hiriaren etorkizunaren ikuspegi komuna lortze aldera, eragileen ahaleginak bideratzea bilatzen du.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/12/02-an argitaratua