'Infernua' bizitegi auzo bilakatuko da eta 500 etxebizitza inguru izango ditu

Tokiko Gobernu Batzordearen beste akordioak: Karlos I, dBizi, Jolastokietako haurreskola, Aglomeratua

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio gaur Infernuaren Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari.

Aldaketak bi eremu proposatzen ditu. Alde batetik, erabilera tertziariorako gunea, hain zuzen ere, Zuatzura daraman Zubiberri bidearekin lotura izango lukeena. Eta bertan, zerbitzu berriak jarriko dira, esaterako, Nazaret Zentroaren egoitza berria. Bestetik, zerbitzu gune hori eta ibilgailuen kontzesionarioaren artean bizitegi-gunea egongo da, eta bertan, gutxi gorabehera 500 etxebizitza egingo dira - horietatik %60 babes ofizialekoak -.

Halaber, egun norabide aldaketa egiteko eremuan biribilgune berri bat egingo da, bertako trafikoa arintzeko. Eta era berean, egungo zerbitzugunea eta ibilgailuen kontzesionarioa kontsolidatuko dira.

Karlos I



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Campeo Obras y Servicios enpresari esleitzea Karlos I-aren zubibidearen azpiko oinezkoentzako pasabidea egokitzeko proiektuaren lanak egiteko kontratua.

Lan horien esleipen prezioa 291.372 eurokoa da, eta enpresak 8 aste izango ditu lan horiek egiteko.

Helburu nagusiena honakoa da: bide hori Amara gurutzatzeko erabiltzen duten pertsonen segurtasun sentsazioa hobetzea. Eta horretarako, oinezkoen gunea zabalagoa egingo da; irisgarritasuna hobetuko da, dauden zintarriak kenduz; argia hobetuko da; eta gunea jolas-leku bihurtuko da.

Horrenbestez, bide azpitik doan oinezkoentzako pasabidea gune abegitsu eta seguru batean bilakatuko da.

dBizi



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du segidako kontratua bertan behera uztea: Kalean bizikleten alokairu sistema automatizatu bat ezarri, kudeatu eta mantentzeko kontratua, hain zuzen ere, dbizi bezala ezagutzen den sistema. Eta kontratua bertan behera utziko da behin Bonopark enpresa esleipendunarekin adostuta.

Kontratua bertan behera uzteak ez du esan nahi dBizi zerbitzuaren amaiera denik, izan ere, Bonopark enpresaren zerbitzua bermatu egiten da, harik eta esleipen berria egin arte. Udala, dagoeneko, kontratuaren baldintza berrietan lanean ari da.

Honakoak dira kontratua bertan behera uzteko arrazoiak: Bizikleta publiko mistoko sistema (elektrikoa + mekanikoa) txertatzeko beharra ikusi da, hain zuzen ere, hiriko garraio publikoaren sarearen barruan egongo den sistema.

Era berean, segidako beharrak ere ikusi dira: tarifa-sistema aldatzeko beharra, hobekuntza teknologikoak txertatzeko beharra, eta gainera, zerbitzua berrantolatzeko beharra, geltoki gehiago izango dituen bizikletak alokatzeko sistema publikoa martxan jartzeko, besteak beste, egun sistema hau ez duten auzoetan.

Jolastokietako Haurreskola



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Urbycolan enpresari esleitzea, Jolastokietan Haurreskola jartzeko lokalak egokitzeko proiektua egiteko kontratua.

Obra honen esleipen prezioa 643.929 eurokoa da eta enpresak 7 hilabeteko epea izango du.

Jolastokietako Haurreskola 2020an irekiko da Goi-Jolastokietan dagoen plazan, eta segidako zerbitzuak izango ditu: 0-1 urte bitarteko haurrentzako lau gela; 1-2 urte bitarteko haurrentzako beste lau gela; erabilera anitzerako gela bat; bulegoa; biltegia, aldagela, komuna, instalazioen gela; aulkitxoak uzteko bi gune estaliak; eta plazan bertan jolas-lekua.

Aglomeratua



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Excavaciones y transportes ORSA enpresari esleitzea 2018KO Aglomeratu Kanpainaren proiektua egiteko kontratua.

Kontratu honen esleipen prezioa 727.579 eurokoa da, eta enpresak 8 aste izango ditu lanak egiteko.

Gizarte Ekintza



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, jarraipena ematea 2019ko martxoaren 1etik aurrera segidako kontratuari: Baztertze arriskuan dauden pertsonei zuzendutako gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean laguntzeko esku-hartze zerbitzu kontratua. Asociación para la Reinserción Social Erroak-ek jarraituko du zerbitzua ematen, eta kontratuaren prezioa 263.375 eurokoa izango da.

Tokiko Gobernu Batzordeak, halaber, onartu du hasiera ematea segidako kontratua esleitzeko prozesuari: Intxaurrondoko gizarte zerbitzuen zentroan gizarte-bazterketa egoera larrian dauden pertsonei eta familiei zuzendutako Otorduak programarako janaria.

Kontratuaren helburua da, boluntarioek egunero 25 menu banatzea gizarte bazterketa egoera larrian diren pertsona zein familia artean. Eta pertsona zein familia horiek Intxaurrondoko Gizarte Zerbitzuguneen kasu arduradunek hautatuko dituzte.

Kontratu honen aurrekontua 44.165 eurokoa da, eta bi urteko iraupena izango du.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/02/12-an argitaratua