Parte Zaharreko ostalarientzako egitasmoak bigarren hiztegitxoa izango du

%94k adierazi du lanean oinarrizko euskara ulertzeko egitasmo praktikoa dela

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, ostalaritzan euskararen erabilera sustatu nahian, “Erraza da” proiektu pilotua jarri zuen apirilean martxan Parte Zaharreko establezimenduetan. Egitasmo hau jatetxe zein tabernetan lan egiten duten eta euskara ez dakiten zerbitzari eta langileei zuzendua egon da eta harrera ona izan du. Taberna eta jatetxe guztiak bisitatu eta gero, 70 establezimendutako 209 langile animatu ziren egitasmo berritzaile honetan parte hartzera.

Erraza da proiektuak egunean bi hitz / esamolde ikastea eta, horrela, hiru hilabeteren buruan 200 hitz / esamolde ezagutzea izan du helburu. Prozesua amaitu eta gero, egitasmoan parte hartu duten langileak bezeroak eskatzen duena ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko gai izatea izan da xedea. Egitasmoa burutu ondoren, parte hartu duten langileen balorazioa oso ona izan da. Egitasmoaren bukaeran parte hartu duten langileengana jo du Udaleko Euskara Zerbitzuak eta 150 langileren(%72) balorazioa jaso du. Horietatik, %94k adierazi du egitasmo praktikoa dela euskara ikasten hasteko.

Parte hartzaileen %63k lehen hitza euskaraz egiten du Erraza da-ri esker


“Erraza da”ren balorazioa egin dutenen artean, % 72ren ustean, hiztegian jasotako hitzak / esamoldeak ikastea erraza izan da. Izan ere, hiru hilabeteak pasatuta, parte hartzaileen % 63k dio, egitasmoari esker, orain lehen hitza euskaraz egiten diela bezeroei.

Erraza da egitasmoaren bigarren fasea abenduaren 9an hasiko da


Udaleko Euskara Zerbitzuak prestaturiko bigarren hiztegia aurrekoaren jarraipena da. Honetan ere, agurrak, zenbakiak, ostalaritzan erabiltzen diren esamoldeak eta galdera-erantzunak ( egun ona izan, zenbat zarete?, kobratuko didazu mesedez? eta abar) jasotzen dira, besteak beste.

Egitasmo pilotuaren bigarren zatia izanik, bigarren hiztegia jasotzeko ezinbestekoa izango da aurreko hiztegia jaso eta egitasmoan parte hartu izana. Hiztegia azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran banatu eta gero, hitzak / esamoldeak ikasteari abenduaren 9tik aurrera ekingo diote.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/11/14-an argitaratua