Udal liburutegien udako eskaintza

Joan den larunbatean, ekainak 15, Eguzkiteka (Kontxa hondartzako liburutegia) zabaldu zen

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Udako hilabeteetan Donostia Kulturako liburutegiek zerbitzu berriak eskaintzen dituzte. Joan den larunbatean, ekainak 15, Eguzkiteka (Kontxa hondartzako liburutegia) zabaldu zen eta uztailaren 1ean, berriz, Urgulleko liburutegia.

Bestalde, Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegia zabalik egongo da abuztu osoan astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian.

Eguzkiteka


Aurtengo udan hirugarren aldiz jarraian Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia, zabalik egongo da irailaren 15era arte, aste osoan zehar jai egunak barne, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30era.

Eguzkiteka liburutegia Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan dago kokatua, erlojuen parean, Donostiako uda garaiko gune nagusienetako bat. Itsasoari begira irakurtzen egotea Kontxako hondartzak udan eskaintzen duen doako zerbitzu bat da.

Liburutegia osatzen duten elementu fisiko guztiak, apalak liburuekin, mahaiak eta aulkiak, egunaren amaieran jaso egingo dira, horrela baitago arautua indarrean dagoen Kostaldeko legedian eta hurrengo goizean berriro kokatuko dira dagokien espazioan, beti ere pasealekuaren azpiko pasabidea libre utziko delarik.

Urgulleko liburutegia


Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, donostiarrek eta hirira etorriko diren bisitariek Urgull mendiko udal eraikinetan eskaintzen diren zerbitzuetara gerturatzeko aukera izango dute.

Donostia Kulturako Liburutegi sarearen udako eskaintza


Eguzkitekan eta Urgullen aurkitzen ez dena sareko liburutegietan bilatzeko aukera egongo da. Erabilpen handiko sare honetan Liburutegi Nagusia bere bi sailekin, haurrena eta helduena, kultur etxeetako hamar liburutegiak, San Telmo Museoko liburutegia, Amundarain Mediateka, Cristina enea, Udal Musika eta Dantza liburutegia eta sasoiko bi liburutegi hauek daude, Urgull eta Eguzkiteka.

2019/06/17-an argitaratua