Balda frontoiak zesta punta partida hartuko du igandean Aspanogiren alde.

Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen aldeko partida izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Balda frontoia luzez jantziko da igandean eguerdian eta zesta punta partida oso berezia hartuko du. Duela egun batzuk Sara eta Unairen istorioa ezagutu genuen. Sarak, 3 urteko pirata, eta Unaik, Onkologikoko erizaina, duela urtebete elkar ezagutu zuten. Orduan Sarak minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen zuen ospitalean. Oso lagunak egin ziren eta ospitaletik kanpo lagunak izaten jarraitzen dute.

Unai pilotaria da, hain zuzen ere, zesta puntako pilotaria eta bere harremana piratekin oso estua da. Bere anai Asier eta Aspanogirekin batera zesta punta partida antolatu dute Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen alde. Eta, bertan, bi anaiekin batera, Gotzon Enbil eta Mikel Egiguren pilotari handiek jokatuko dute.

Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Martin Ibabek, Aspanogiko presidente Bittor Andonegik eta lau pilotariek partida aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Udaletxean. Partida jai handia izatea da helburua. Aspanogiko presidente Bittor Andonegik esan du, helburua dela haurren minbizia irudikatzen jarraitzea eta dirua biltzea prozesua pasatzen ari diren familiei laguntzeko.

Jardunaldiko ekitaldiak


Hortaz, egunari hasiera emateko, 11:30ean etxeko txikienek zesta puntako kiniela egiteko aukera izango dute. Gainera, Baldara joango diren ikusle guztiek piraten zapia jasoko dute eta, horrenbestez, piratei omenaldia egingo diete. Sarrerak 5 euro balio ditu eta dirua Aspanogirentzat izango da. Andonegik donostiarrei dei egin die Balda frontoia betetzera igandean.

Frotoiaren barruan elkarteak barra izango du tortila pintxoekin, pastelekin, yougurrekin eta alkoholik gabeko edariekin. Gainera, partidaren amaieran trikitixa batek lagunduko du pilotariei opari bana ematen.

Kirol zinegotzi Martin Ibabek azpimarratu du kirolak eta elkartasunak lotura handia izan dutela beti. Eta, horren harian, esan du Udalak beti lagunduko diela horrelako elkartasun ekitaldiak egiten dutenei: "Igandean Balda frontoia jai handia izango da- Ziur naiz handiek zein txikiek asko disfrutatuko dugula".

2017/07/06-an argitaratua