Herritarrekin egindako bilera irekia (2017-12-19)

Altzako kiroldegiaren eta lur kutsatuen inguruan egindako gestioen berri emateko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak, 2017ko abenduaren 19an, bilera ireki bat egin zuen 19:00etan, Tomasene kultur etxean, Altzako kiroldegiaren eta lur kutsatuen inguruan egindako gestioen berri emateko herritarrei.

Bilera horretan, 200 bat pertsona izan ziren: Oleta ikastetxeko guraso elkarteko ordezkariak, auzoko hainbat elkartetako ordezkariak, Altza Osasuntsuago baten alde plataformako kideak eta herritarrak.

Ingurumeneko, Kiroletako, Azpiegituretako eta Herri Partaidetzako hainbat ordezkari politiko eta teknikarik, Eneko Goia alkatea buru zela, lur kutsatuetan jarduteko eta kiroldegi berria egiteko prestatu duten ekintza plana zertan datzan azaldu zieten bertaratuei.

Kiroldegi berria



Kiroldegi berriari dagokionez, jakinarazi zuten Gobernu Batzarrak 2017ko abenduaren 5ean onartu zuela Altzako kirolegia egiteko lanak kontratatzeko espedientea. Jarduera horren aurrekontua, guztira, 17.790.773,91 euro da, eta obrak bi sortatan esleituko dira: lehenik, hondeaketa lanak egiteko, guztira 1.503.652,97 euroan; eta bigarrenik, eraikina egiteko, guztira 16.287.120,94 euroan.

Inbertsioa urte anitzeko aurrekontu sail baten bidez finantzatuko da, 2017., 2018. eta 2019. urteetan. Hain zuzen, 2017an, Donostiako Udalak 4.715.773,91 euro inbertituko ditu; 2018an, 7.250.000 euro; eta 2019an, 5.825.000 euro.

2020/2021 denboraldirako espero da kiroldegia irekitzea, kanpoko igerileku eta guzti.

Behin-behineko kiroldegia



Bitartean, Eraikuntzaren Institutuan jarriko da behin-behineko ekipamendua, altzatarrek auzoan bertan izan dezaten kirola egiteko aukera. Bileran iragarri zutenez, instalazio hori 2018ko irailetik aurrera erabili ahal izango dute.

Espazio hori kirolgune gisa egokitzea miloi bat euro kostako da.

Lur kutsatuak



Udaleko arduradun teknikoek jakinarazi zuten laginak biltzeko eta aztertzeko prozesua luzea izan dela, baina jadanik lortu dutela lur kutsatuen eremua zedarritzea. Hori oso garrantzitsua da tapatzeko faseari ekiteko. Fase horretan, geoehun seinaleztatu bat jarriko dute eta lurrez tapatuko dute azalera hori, gutxienez metro bat lodian botata lurra gainetik.

Udalak bilera egin zen egunerako jadanik bidalia zion lurrak tapatzeko proiektua Eusko Jaurlaritzari, hark onespena eman ziezaion.

Konfinamendu prozesuak urtebete inguru iraungo du, Eusko Jaurlaritzak proiektua ontzat ematen duenetik.


Ibarra berreskuratzeko lanen osagarri, lurra, soropila eta loreak modu naturalean tratatuko dira, eta, obrak baliatuz, jolastoki bat jarriko da, egoteko toki bat bankuekin, bai eta oinezkoen eta bizikletazaleen ibilbideak ere, jendeak erabiltzeko ez ezik Oleta ikastetxerako bidea errazteko hango ikasleei.

Ohiz kanpoko neurriak



Azkenik, alkateak jakinarazi zuen, auzoan izaten ari diren gorabeherak arintze aldera, ohiz kanpoko hainbat neurri hartuko dituztela:
  • Matrikularik ez dute ordaindu beharrik izango tarte horretan baja eman duten pertsonek.
  • Garraioa ordainduko zaie igeriketa ikastaroetara joaten diren Oleta ikastetxeko haurrei.
  • Oleta ikastetxea babesteko sareak berrituko dira.
  • Ikastetxeko irisgarritasuna hobetuko da, ikastetxe parean biribilgune bat jarrita.
  • Harri Berri Oleta ikastetxeko estalkia udal baliabideekin egiteko aukerarik baden aztertuko da.

2018/01/31-an argitaratua