116 proiektu Partaidetzazko Aurrekontuetako bozketa fasera pasa dira

Guztira, 475 proposamen aurkeztu dira; horietatik 375 azterketa fasera pasa dira, eta 116 bozketa fasera, urriaren 16an hasten dena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiarrek urriaren 16tik aurrera bozkatu ahal izango dute Partaidetzazko Aurrekontuetara bideratu diren 3 milioi euroak banatzeko lehenespen fasera pasa diren 116 proposamenen inguruan. Kopuru horri Ekialdeko Barrutiak 2024ko aurrekontutik bideratutako 363.968 euroak gehitzen zaizkio, prozesu honetatik ateratzen diren barrutiko auzoetako proiektuetarako.

María Jesús Idoeta Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotziak gogorarazi duenez, "prozesu hau tresna garrantzitsua da herritarrentzat, zuzenean eta aktiboki parte hartuz aurrekontuen gaineko erabakiak hartzerakoan, beraien auzoetarako edo hiri osorako proiektuak proposatuz eta bultzatuz".

Proposamen hauek partaidetza prozesuaren hasierako faseetan egin diren baheketak gainditu dituzte, eta guztira 475 jaso dira. Horietatik, antzekoak multzokatu dira (82) eta 18 baztertu dira proposamenik ez adierazteagatik, bikoiztuta egoteagatik edo fitxa bakoitzean proposamen bat baino gehiago idatzi direlako.

375 proposamen aztertu dira


Azterketa fasera pasa diren 375 proposamenetatik 41 hirirako egin dira, eta 334 auzoetako proiektuetarako; Altza (55), Aiete (36) eta Egia (28) izan dira proposamen gehien jaso dituztenak.

Proposamen horietako bakoitza dagokion departamentura bideratu da aztertzeko, eta azterketa horretan 16 departamentu eta 90 udal langile baino gehiago inplikatu dira. Proposamen gehien jaso dituen arloa Hiri Mantentze eta Zerbitzuak izan da (149), eta ondoren Mugikortasun departamentuak (115).

Proposamen horien % 71 pertsona fisikoek aurkeztu dituzte, eta % 29 elkarteek. Generoari dagokionez, % 47,20 emakumeek aurkeztu dituzte, % 52 gizonek eta % 0,80k beste genero bat adierazi dute. Proposamen gehienak 30 eta 64 urte bitartekoek egin dituzte (299), gazteenek,13 proposamen aurkeztu dituzte, eta 65 urtetik gorakoek, 63.

116 proposamen finalistak


Departamentu bakoitzaren azterketaren ondoren, 116 proposamen pasa dira bozketa fasera. Horietatik 6 hiriarentzat dira, eta gainerako 110 hiriko 20 auzotan banatzen dira: horien artean Altza (14), Aiete (11), Egia (11) edo Bidebieta (10) dira proiektu gehien dituztenak.

Ekialdeko Barrutiak 32 proposamen batu ditu guztira, eta horien artean esleituko dira Barrutiaren 2024ko aurrekontuko 363.968 euroak. Gainerako 84 proposamenen artean, 2024ko eta 2025eko partaidetza aurrekontuetara bideratutako beste 3 milioi euroak esleituko dira, bozketa fasetik eratorritako lehentasunaren arabera, aurrekontua agortu arte.

Proposamen horiek guztiek interes publikokoak eta udalen eskumenekoak izateko baldintzak betetzen dituzte, 300.000 euroko inbertsioa ez dute gainditzen, eta ekitaldi bakar batean gauzatu daitezke, ondorengo aurrekontuetan eraginik izan gabe.

Idoetak nabarmendu duenez, "Partaidetzazko Aurrekontuen egungo prozesuan proposamen gutxiago jaso dira, baina prozesu hau izango da proiektu gehien izango dituena bozketa fasean". Zinegotziak azaldu duenez, "Herritarren Partaidetzako departamentuak lan handia egiten ari da aldez aurretik proposamenak aurkezteko fasean herritarrak orientatzeko, eta, gainera, prozesua gero eta ezagunagoa da eta hobeto ulertzen da".

Proposamenen bozketa


Proposamenak bozkatzeko fasea datorren astelehenean, urriak 16, hasiko da eta hilak 29 ra arte zabalik egongo da. Proposamen bakoitzari bozketa kode bat esleituko zaio, eta herritarrek bost proiektu aukeratu beharko dituzte (pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du).

Bozketan parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira:
    - Pertsona fisikoa izatea.
    - 16 urtetik gorakoa izatea bozketaren unean.
    - Donostian erroldatuta egotea.

Parte hartzeko bi bide egongo dira:
  • Aurrez aurre, Herritarren Partaidetzarako bulegoan (Easo kalea 43, 1. eskuina). NANa aurkeztu beharko da.

Urriaren 30etik aurrera, herritarren botoen emaitzen arabera, lehentasunezko proposamenen zerrenda egingo da. Boto gehien jaso dituenetik boto gutxien jaso dituenera.

Aurrekontuan sartuko diren proposamenak programa horretara bideratutako zenbatekoaren arabera zehaztuko dira. Horiek Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuaren webgunean kontsultatu ahal izango dira, eta bertan proiektuen egoeraren jarraipena egin ahal izango da proiektua erabat gauzatu arte.

2023/10/10-an argitaratua