'Auzoa Sasoian' Loiolako Erriberan bigarrenez

Azaroaren 5etik 7ra Auzo Mahaiak antolatuta

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Loiolako Erriberako Auzo Mahaiak antolatuta bigarren urtez jaraian 'Auzoa Sasoian' ekitaldia antolatu da, bizilagunen artean ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.

Adin guztietarako ekitaldi-programa zabala programatu da:
  • Azaroak 5, igandea: Tokiko produktuen merkatua eta haurrentzat sukaldaritza osasungarriari eta zientziari buruzko tailerrak .
  • Azaroak 6, astelehena: Odol-emate eguna. (nahitaez izena eman gipuzkoa@contraelcancer.es/943457722)
  • Azaroak 7, asteartea: Topaketa Ana Elbusto nutrizionistarekin: Udazkeneko menua: merkatutik platerera (izena nahitaez eman gipuzkoa@contraelcancer.es/943457722)



Auzo Mahaiak



Ekimen hau Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak auzoaren ongizatea sustatzeko bultzatutako Auzo Mahaien dinamikaren barruan kokatzen da eta bertako elkarte eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritzen da. Gaur egun Amara Berriko eta Loiolako Erriberako Auzo Mahaiak dira martxan daudenak.

Auzo Mahaia sortzen da elkarteek elkar ezagutu eta elkar aitortu ahal izateko espazioak eratzeko beharretik, posible izan dadin erakunde bakoitzaren jardun-eremutik harago gogoetak partekatzea, proiektuak diseinatzea.. aniztasuna etengabeko ezaugarria izanik ikuspegi komunitario eta konstruktibo batetik lan egiteko. Ardatz hauekin planteatu zen auzoetan dagoen kapital sozialak ibilbide partekatu eta propioa egin ahal izatea, gai soziokulturalak hobetzeko alorrak zein diren hautemanez eta adostuz eta horietan esku hartzen saiatuz.

Loiolako Erriberako Auzo Mahaiak 2021. urtearen hasieran eman zituen lehen urratsak, eta orain arte honako hauek osatzen dute: Erribertxo Kultur Elkartea, Erriberako Auzokideak, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, M-etxea, Erriberak Martxan, Zubiberri Elkarte Gastronomikoa, Ikasbide ikastolak eta ikastolako Guraso Elkartea eta Donostiako Udala.

2023/11/03-an argitaratua